Txertatu clipart irudiak dokumentuetan: ziur aski askok jabetuko zineten OpenOffice-ek oso irudi gutxi dituela dokumentuetan txertatzeko. Egia esan, edozein motatako irudiak txertatzeko ez dago inongo arazorik baina gerta liteke, batez ere Haur eta Lehen Hezkuntzako hainbat irakasleek, faltan botatzea clipart motatako irudi gehiago. Goiko estekan 12337 irudi biltzen dituen 377Mb-eko zip fitxategi bat deskargatu ahal izango duzue. Irudi hauek OpenOffice-era gehitzeko jarraitu beharreko prozesua nahiko sinplea da ( ingelesez, agian, azalpenak oraindik argiagoak dira). Irudi gehiago oraindik hemen.
Bihurtu Draw diagramak egiteko aplikazio batean: goiko ataleko ildo beretik jarraituz, sare administrariak edota informatikariek faltan bota dezakete Visio bezalako tresna bat OpenOffice-en. Egia esan, asko dira webean topa daitezkeen antzeko aplikazioak. Dena den, nahiago badugu OpenOffice horrelako gauzetarako, aukera daukagu Draw Visioren antzeko tresna batean bihurtzea goiko loturan eskaintzen diren irudi eta formak gure ekipora jaitsi eta instalatu ondoren.
Ekuazio editorerako oinarrizko formulen sintaxia: badira OpenOffice-en ekuazio editorerarekin moldatzea kostatzen zaienak. Formula sinpleak egiteko zailtasun berezirik ez badu ere, formula konplexuak idazterakoan Microsoft Office-en editore bisuala tresna "intuitiboagoa" da Math-ek duenarekin alderatuta. Egon daitezkeen eragozpenak erraztu aldera, Aitor Sarriegik ematen duen taulan topatuko ditugun jarraibideak oso baliagarriak egingo zaizkigu. Ekuazio sistemen kasurako, hemen informazio gehiago. |
Funtzioak Calc-en: baliteke Calc ez izatea irakasleok gehien erabiltzen dugun ofimatikako aplikazioa. Dena den, gehienok topatu gara, behin edo behin, kalkulu orri diseinatzeko egoera batean. Taula honetan Excel, Calc eta Google Docs-eko aplikazioetan erabilgarriak diren funtzio matematikoen sintaxia zein den adierazten zaigu, ingelesez baita erdarazko bertsioetan ere. Taularen azken zutabean, funtzio horietako bakoitzak burutzen duen kalkulu mota ere argitzen da. Baliagarria oso administrazio kontuetan aritzen diren langileentzat.
Gehitu txantiloi berriak: diseinu zehatza duten dokumentuetarako oso ondo dago txantiloiak eskura izatea. Gune honetan mota guztietako txantiloiak topatu eta jaitsi ahal izango ditugu. Guretzat interesgarrienak hezkuntzarako bereziki diseinatutakoak izan daitezke. Azken hauen artean, adibidez, notak biltzeko plantilak aurkituko ditugu. Honekin lotuta, interesgarria izan daiteke irakasleok notak biltzeko espreski diseinatuta dagoen taula hau jaistea. Ukitu txiki batzuekin gure beharretara erraz egokitu daitekeen Calc orri bat da.
Bibliografiaren kudeaketa Zoterorekin: ikasleek, euren lanak egiterakoan, erabiltzen dituzten erreferentzien kudeaketa modu egoki batean egitea irakaskuntzan zintzilik daukagun kontu bat da oraindik. Edozein lan ekoizterakoan, beste autore batzuen erreferentziak erabili direla aipatzea dokumentuaren amaieran, betidanik egin den gauza bat izan da. Baina interneten etorrerarekin, gure ikasleek euren iturriak adierazteko ohitura galdu egin da. Openoffice-erako gehigarri honekin (Firefox-erako ere existitzen da bertsio bat) dokumnetu bat prestatzeko erabili ditugun erreferentzia guztiak dokumentuaren amaieran erantsiko ditugu modu eroso batean. Prozesua nola burutzen den jakiteko gida interesgarri hau kontsultatu daiteke. |