Kultura objektu bihurtu zenetik dator copyrighta
Gaur egun naturaltasunez onartzen dugu, abesti disko bat, aplikazio informatiko bat edota bideojoko bat erosten dugunean ordaindu behar izatea produktu horrengatik. Gizartean nahiko barneratuta dago gainera, produktu horren jabetza intelektuala duen egileari, egindako lanaren truke bere egile eskubideak errespetatu behar zaizkiola eta, beste edozein patrimoniorekin gertatzen den bezala, ekoizpen horren truke diru bat ordaindu behar zaiola.
Baina sorkuntza kulturalen gainean egile eskubideek ezartzen dituzten murrizketak ez dira betidanik existitu. Antzinan, egileek sortzen zituzten lanak gizarte osoan modu librean banatu eta asimilatzen ziren. Sortzaileen ekoizpenak domeinu publikokoak izaten ziren eta askatasun osoa zegoen lan hori banatu edo berrerabiltzeko. Iparragirreren abestiak, adibidez, ahoz-aho transmititzen ziren, edonork kanta zitzakeen abesti horiek nahi zuen lekuan, partiturak eskuratu eta banatzea zilegia zen. Denboran gertuago, gauza bera gertatzen zen bertsolarien lanekin; duela hamarkada gutxi batzurarte bertsolarien lanak domeinu publikokoak ziren, egile eskubide eta copyrightik gabekoak. Autoreen baimenik gabe erabil zitezkeen euren bertsoak aldizkarietan, adibidez. Edonork kanta zitzakeen Txirritaren bertsoak edozein jaialdi edo festetan (pentsa noraino aldatu diren gauzak gaur egun). Artista hauen ospea eta arrakasta zuzeneko emanaldietan irabazten zen zerbait zen.
Egile eskubideak eta copyrighta teknologiaren garapenari lotuta etorri dira. Izan ere, teknologiari esker, zuzenean, modu presentzialean eta ahoz-ahoko transmisio zuzen baten bitartez soilik transmititzen ziren espresio artistiko gehienak, euskarri fisiko batean gorde ahal izan dira. Sorkuntza kultural hauen erreplikazio eta zabalkunde masiboa posible izan denean, produktua sortu eta saldu behar zutenen (gehienetan zerikusirik ez zeukatenak artistarekin) interesak babesteko sortu ziren. Egile eskubidearen beharra justifikatzeko argudio
asko eman badira ere (kreatibitatea babestu, kalitatea bermatu...), ikuspegi merkantilista hutsetik bultzatutako
"eskubidea" da. Horrela, kultura "objektu" bihurtu zenetik, gizarte osoaren ondarea zena, industriaren hatzaparretan ondo helduta geratu den produktu pribatu bat izatera pasatu da.
Gauza bera gertatu da softwarearekin
Software askeak izandako bilakaera antzekoa izan da. Desberdintasun bakarra zera da; domeinu publikoko ekoizpen bat izatetik, copyrighta duen produktua izateko prozesua azken 50 urteko epe laburrean gertatu dela. 1960 eta 1970. hamarkadetan softwarea ez zegoen etekin ekonomikoa ateratzera bideratuta. Sasoi hartako konputagailu handien saltzaileek bezeroei ematen zieten gehigarri bat zen, tramankulu haiek erabili ahal izateko. Giro hartan, softwarearen programatzaileak eta garatzaileak beraien artean libreki programak elkartrukatzea arrunta zen. 1971a inguruan, informatikak bere boom famatua izan aurretik, honen erabiltzaileek, unibertsitate eta enpresetan, softwarea sortu eta elkartrukatzen zuten inongo mugarik gabe. Baina 1980ko hamarkadan egoera aldatzen hasi zen. Konputagailu garatuenak sistema operatibo pribatuak erabiltzen hasi ziren, eta honek eragin zuen erabiltzaileek ezin izatea softwarean aldakuntzak egitea eta ondorioz baldintza murritzaile batzuk onartu behar izan zituzten. Ordutik honako istorioa nola joan den, ziur aski, denek jakingo duzue. ( Iturria: Wikipedia)
Copyrightak sorkuntzen kalitatea bermatzen duela gezurra da
Badago iritzi korronte bat hainbat erakundeen aldetik copyrightaren beharra aldarrikatzen dutenak. Euren jarrera justifikatzeko sortzaileari zor zaion babesa aipatzen da askotan; kreatibotasuna mantentzeko, sortze lanak eskatzen duen esfortzu eta dedikazioak konpentsazio bat izateko, ekoizpenaren kalitatea bermatzeko... Antzeko argudioak erabiltzen dira, baita ere, software ekoizpenen copyrighta justifikatzeko.
Arrazoi horiek guztiak hankaz gora jartzeko modu asko daude. Izan ere, badira beste sortze-esparru batzuk, beste industri sektore batzuk, non horrelakorik existitzen ez diren eta egileekiko errekonozimendua ez zapaltzeaz gain, negozio eredu arrakastatsuak direla egiazta daiteke. Euskal-Herrian duen pisu espezikoarengatik bereziki aipagarria iruditzen zait sukaldaritza munduaren adibidea. Softwaregintzaren munduarekiko paralelismo ugari dituela iruditzen zait.
SUKALDARITZA
|
SOFTWAREGINTZA
|
Sukaldariek produktu bat (plater jakin bat)
asmatzea/sortzea/elaboratzea dute helburu nagusi bezala. Azken finean, protokolo bat zehaztea izaten da euren zeregin nagusiena. |
Software zati bat, plater jakin baten errezetarekin parekatu daiteke. Azken finean aplikazioaren atzean dagoen kodeak ere, halako protokolo bat zehazten du.
|
Plater jakin baten diseinatze prozesuan
baliabide ugari erabiltzen dituzte sukaldariek; dirua, denbora, formazioa,
laguntzaile taldea, tresna eta makinak.... Proba bat beste baten atzetik egin behar izaten dute, errezeta definitiboarekin eman arte.
|
Garbi dago bitartekoak ezberdinak direla, baina aplikazio baten sortze prozesua baliabide askoren menpe dagoela garbi dago. Eta azken produktuarekin eman arte, alpha, beta eta RC faseetatik pasa behar da proba ugari egin ondoren.
|
Prestatutako plateraren
kalitatea gainera, sukaldariaren inspirazio eta talentuaren araberakoa
ere izaten dela onartzen dugu gehienok. |
Ukaezina da programatzaileen talentua ere balio handia dela kalitatezko software bat garatu nahi denean |
Sukaldariek platera prestatzeko erabili duten errezeta denon
eskura ipintzen dute, modu librean, norberak nahi dituen aldaketak
eginez (askotan sukaldariak berak proposatzen ditu alternatiba ezberdinak), plater berriak sor ditzan. Erabiltzen dituzten teknika
berritzaileen edo osagai berezien inguruko informazio aurki dezakegu
edozein komunikabidetan, horretarako "canon" berezirik edota baimenik
eskatu beharrik gabe. |
Software pribatiboan, berriz, elaborazio prozesu osoa ezkutuan gordetzen da, ez dago aukerarik kodea ezagutu eta honen gainean aldaketak gauzatzeko. Jarraitutako prozesua ezkutuan mantentzen da eta modu batera edo bestera, barruan gordeta dagoena argitzen ahalegintzen bazara, legez kontra ari zarela garbi eduki behar duzu.
|
Sukaldarien errezetak modu librean banatzen direnez, printzipioz ez dago ordaindu beharrik hauengatik. Egia da merkatuan badirela errezetaz beteriko liburu edo bideo mordoa.
Argazki politez, argibide ugariz eta teknika ezberdinak azaltzen
dituzten bideo interesgarriez hornitutako materiala izaten da. Bilduma horiek salgai ipintzen dira. Erabiltzaileak beti dauka aukera errezeta horiek modu librean eta dohain eskuratzeko baina bilduma hauek balio erantsi bat eskaintzeko dutelako diru bat ordaintzea ez dago kontraesanean jatorrizko jarrera irekiarekin.
|
Badira software askeaz osatutako distribuzio jakin batzuk ordaindu
behar izaten direnak; distribuzio hauetako gehienak kalitatezko
gida-liburuez hornituta etortzen dira, aplikazioak modu errazean
instalatzeko konfiguratuta etortzen dira eta kasu askotan, mantenu baldintza batzuk ere zehaztuta egoten dira. Software askea izateak ez du derrigorrez adierazi behar dohainekoa izan behar denik. Bezeroak baloratu beharko du zein den distribuzio hauek duten balio erantsia eta prest ote dagoen horregatik eskatutako dirua ordaintzea.
|
Sukaldari batek bere errezetak argitaratzen dituenean, bere teknikak
besteen aurrean esplikatzen dituenean, zertarako gai den adierazten ari
da. Ziur aski zaila izango da sukaldariaren profesionaltasuna edo balioa bere errezeten arabera zehaztea. Baina bada pista bat, bere jatetxera joaten garenean zer topatuko dugun aurretik jakiteko. Ezustekoak aurkitzea jatetxean gaudenean ez da askotan gertatuko, beraz.
|
Software pribatiboan, izan daiteke munduko softwarerik txarrena, koderik traketsena, erabilgarritasunaren aldetik aplikaziorik kaxkarrena... kodea probatzeko diru bat ordaintzea derrigortuta zaude. Ondoren baloratuko duzu zenbaterainoko kalitatea duen produktuak eta ondorioz, zein "maila" duten software hori sortu duten profesionalek.
|
Sukaldari batek bere profesionaltasuna jokoan ipintzen
du bere jatetxean dituen bezeroak zerbitzatzen dituenean. Hor jartzen
du bere izena jokoan eta horregatik, eskainiko duen
zerbitzuarengatik, hain zuzen ere, diru bat kobratzen du. Gero, bezero bakoitzak egingo du jasotakoaren eta
ordaindutakoaren arteko balorazioa.
Agian batzuk ez dute sekula
jatetxea zapalduko. Hauek, dena den, beti izango dituzte eskura sukaldari hauen errezetak eta platerak euren estilora prestatzeko aukera hor egongo da. Beste batzuentzat jatetxean izandako esperientzia kaxkarra izango da
eta agian ez dira berriro jatetxe horretara bueltatuko. Beste batzuk,
berriz, bezero leialak bihurtuko dira eta sukaldari horren babesle eta
promotore nagusiak bilakatuko dira. |
Software askearekin antzeko zerbait gertatzen da. Enpresa askok aplikazioak kode ireki moduan banatzen dituzte, kasu askotan dohain. Baina gero honen inplementazio eta mantenuari lotuta, diru bat jasotzen dute. Hor ipintzen dute enpresa ahuek jokoan euren produktuaren kalitatea eta euren enpresaren izena.
Egongo dira batzuk, probatu ondoren nahiago izango dutenak kodea hartu eta euren modura moldatzea. Beste batzuk, agian, esperientzia txar baten ondorioz beste aukera batzuk probatuko dituzte. Eta egongo dira batzuk software horren bultzatzaile sutsuak bilakatuko direnak. Horiek bilakatuko dira software askearen "ebanjelizadore" nagusienak.
|
Bitxia da.
- Euskal-Herria sukaldaritzaren abangoardian dagoela kontsideratzen da ia mundu osoan.
- Gure sukaldariak mundu mailako rankingetan postu gorenetan kokatzen dituzte.
- Gure errezetak mundu osoan zehar zabaldu dira.
- Egoera ekonomiko bikaina duen industri sektorea da eta etorkizun oparoagoa izango duela aurreikusten da.
- Kalitatezko produktua egiten da eta atzerrira esportatzen dugu.
Eta guzti hau gertatu da COPYRIGHT, EGILE ESKUBIDE eta PATENTE beharrik izan gabe! |