Gehigarriak instalatu
Firefox nabigatzailea, azken urteotan, merkatuan dauden beste nabigatzaileen aurrean nagusitzen ari da. Arrazoi ezberdinak daude Firefoxek izan duen gorakada azaltzeko:
Bere errendimendua eta bizkortasuna web orriak irekitzerakoan
Erabiltzaileari eskaintzen dion segurtasuna eta babesa nabigatzerakoan
Erabilerraztasuna
Atzean duen filosofia (software librea izatea, alegia)
Horiekin batera, Firefox modu errazean pertsonalizatzeko daukagun aukera ere aipagarria da. Izan ere, Firefoxek 6000 gehigarritik gora ditu nabigatzailea gure beharretara moldatzen laguntzeko. Programatzaileek, idazleek, kazetariek, irakasleek, noizbehinkako erabiltzaileek... denek erabiltzen dute weba modu ezberdinean. Bakoitzaren nabigazio esperientzia ahalik eta emankorrena izaten laguntzeko, nabigatzaileari balio erantsia gehitzen dioten kode paketetxoak instalatu ahal izango ditugu oso modu errazean.
Gehigarriak instalatzeko webgune ofizialean zehazki nahi duguna modu errazean aurkitu ahal izango dugu, sailkatuta dauden atal desberdinetan zehar nabigatuz edota gunean dagoen bilatzailearen bitartez.
Bigarren aukera, nabigatzailearen menutik zuzenean instalatzea izango litzateke. Horretarako “Tresnak” menura joango gara eta “Gehigarriak” aukeraren gainean klik egingo dugu.
Irekiko den leiho berrian, “Eskuratu gehigarriak” izeneko fitxan agertzen den bilatzailean, instalatu nahi dugun gehigarriaren izena idatziko dugu. Gure kasuan “Feedly” izenekoa instalatuko dugu.
Behin gehigarria aurkitu ondoren, deskribapenaren azpian agertzen den “Gehitu Firefox(e)ra” izeneko botoian sakatuko dugu. Hiru segundoko tartetxo baten ondoren “Instalatu orain” botoian klikatuz, gehigarriaren instalazioa abiatuko da. Amaitzerakoan nabigatzailea berrabiarazi beharko dugula adieraziko zaigu.
Jarraian, gehigarrien zerrendan instalatu berri dugun Feedly izeneko gehigarria ikusiko dugu eta Firefoxen nabigazio barran botoi berri bat agertu zaigula ikusiko dugu. Hemendik aurrera Firefoxek gauza berriak egiteko aukera emango digu gehigarri honi esker.