Ubuntu 9.10 instalatu
Hasi aurretik instalazio CDa erretiluan sartuko dugu. Diskoa bertan dagoela, ordenagailua piztu eta abio menua kargatuko dugu F12 sakatuz. Agertuko diren unitate desberdin guztien artean guk CDa sartuta dagoen unitatea aukeratuko dugu.
Tartetxo baten ondoren bistan daukagun pantaila ikusiko dugu. Bertan, instalazio prozesuan erabiliko dugun hizkuntza esleitzeko eskatuko zaigu. Zerrenda luze horretan euskara aukeratuko dugu.
Horrela instalazio prozesuaren abiapuntura helduko gara. Aukera izango dugu, adibidez, Ubuntu probatzeko ordenagailuan fitxategi bakar bat ere instalatu beharrik izan gabe, oso aukera interesgarria Ubuntu ezagutu nahi badugu disko gogorrean aldaketarik egin gabe. Gure kasuan, “Ubuntu instalatu” izeneko bigarren aukera esleituko dugu. Honekin emango diogu hasiera instalazio prozesuari.
Instalazio prozesua burutzeko beharrezkoak diren fitxategiak disko gogorrera kopiatu ondoren Ongietorri pantailara helduko gara. Hemendik aurrera sei urrats besterik ez ditugu eman behar ekipoa instalaziorako behar bezala konfiguratuta uzteko.
Lehenik eta behin kokalekua zehaztu beharko dugu. Normalean Ubuntuk berak jakin izaten du zein den gure kokapen geografikoa beraz, eskainiko digun aukera onartzea besterik ez dugu egin behar izango.
Antzeko zerbait gertatuko zaigu teklatuaren diseinuarekin. Iradokitakoaren ordez beste bat hautatu nahiko bagenu, eskaintzen zaigun zerrendatik aukeratuko genuke.
Laugarren urratsarekin kontu pixka bat izango dugu. Atal honetan diskoaren partizioak konfiguratu beharko ditugu. Horretarako bi modu eskainiko zaizkigu:
Instalazio garbi bat egin nahi badugu, disko osoa ezabatu eta Ubuntu bertan instalatuko genuke. Aholkatutako aukera esleituta utziko genuke eta aurrera jarraituko genuke.
Interesgarriagoa izan daiteke, ordea, Ubunturen sistemako fitxategiak gure erabiltzaile datu pertsonaletatik bereiztu ahal izatea. Horrela, egunen batean sistemarekin arazoak izango bagenitu, instalatuta dagoen partizioa ezabatu eta sistema berrinstalatu ondoren, gure datu pertsonalak ez genituzke galduko. Gure kasuan bigarren hau aukeratuko dugu.
Partizioak gure modura antolatzeko, partizio taula berri bat sortuko dugu lehenik. Jarraituz gero, dagoeneko gordeta ditugun datu guztiak galduko ditugula jakinaraziko zaigu. “Jarraitu” botoia sakatuko dugu.
/dev/sda/ izeneko gailua gure disko gogor nagusia izango da. Azpian duen leku librea ikusiko dugu. Bertan klikatu eta partizio primario berri bat gehituko dugu sistemarentzat. Bakoitzak ikusiko du zenbat leku utzi nahi duen sistemarentzat eta bertan instalatuko diren beste aplikazio guztientzat. Gure kasuan, disko osoaren %40a erabiliko dugu horretarako. Ext4 fitxategi sistema mantentzea gomendatzen da. Azkenik, partizioa erroan muntatu dugu. Horretarako zerrenda zabalduko dugu eta barra etzana aukeratuko dugu. Horrela lehenengo partizioa konfiguratuta geratuko da.
Geratzen den leku librean beste partizio berri bat gehituko dugu. Partizio mota, tamaina eta fitxategi formatua dauden moduan utziko ditugu. Kokalekua aldatuko dugu eta muntatze puntua ere. Sisteman sartuko diren erabiltzaile guztien datu pertsonalak Home izeneko karpetan gordetzen direnez, horixe izango da muntatze puntu bezala aukeratuko duguna.
RAM memoria gutxi duten ekipoetan Swap izeneko partizio berri bat konfiguratzea gomendatzen da. Hori bada gure kasua hirugarren partizio bat sortu beharko genuke swap motatakoa, bere tamaina ekipoak duen RAM memoriaren bikoitza izatea gomendatzen delarik. Ekipo modernoetan, sistema txukun funtzionatzeko ez da horrelakorik behar izaten.
Azken urratsean gure datu pertsonalak idatzi beharko ditugu. Kontutan hartu behar da hemen zehaztuko ditugun datuak administrari baimena izango duen erabiltzailearena izango direla, beraz, ondo pentsatu izena eta pasahitza.
Azkenik, zehaztu ditugun datu guztien laburpen pantaila bat aurkeztuko zaigu. Dena ondo dagoela egiaztatu ondoren, hasiera emango diogu instalazio prozesuari. Hemendik aurrerako prozesu guztian ez da gure partaidetza berriro eskatuko.
Instalazio prozesua amaitutakoan sistema berrabiaraztea besterik ez zaigu faltako ekipoa behar bezala konfiguratuta izateko.