Zer da software librea?

Software librearen inguruan badago uste ez oso zuzen bat, software librea doako softwarea dela, hain zuzen. Horrek ez du zertan horrela izan behar, nahiz eta normalean doan banatzen den edo banaketa-prezio murritz bat jartzen zaion, baina ez da derrigorrezkoa. Beraz, ez dira nahastu behar software librea eta doako softwarea kontzeptuak. Izan ere, badira hainbat software doan banatzen direnak baina libreak ez direnak. Horiei freeware deitzen zaie. Softwarea aldatu eta birbanatzeko baimenik ez badu ematen, ezin zaio librea deitu.

Bestetik, software librea ez da "Domeinu publikoko software"-arekin nahastu behar. Azken honek ez du lizentzia beharrik bere esplotazio eskubideak gizateria guztiarentzat baitira, denei berdintasunez dagokielako. Edozeinek erabil dezake, beti ere legezko helburuarekin eta egile originala jarriz. Software mota honetan egileak softwarea gizateriari donatzen dio edo egile eskubideak agortu direla eta (normalean hil eta 70 urte pasata), softwarea gizateriarena izatera pasatzen da. Baina egileak softwarearen erabilera baldintzatzen badu lizentzia bat jarriz, nahiz eta hau oso ahula izan, ezinezkoa izango da domeinu publikokoa izatea.

Antzeko kontzeptuei erreferentzia egiten dien terminoak elkartzeko saialdian, "FLOSS" terminoaren erabilera zabaltzen ari da "Free-Libre-Open Source Software" esanahiarekin eta zeharka, ekoitzi eta sostengatzen duen komunitateari erreferentzia eginez.

Software librea/ez-librea eta lizentzia kontuen inguruan saltsa handia dago eta askotan konplikatua izaten da ulertzea zer dagoen software bakoitzaren lizentziaren atzean. Gai hau zertxobait argitzeko interesgarria izan daiteke GNU erakundeak ematen dituen azalpenak patxadaz irakurtzea.

Iturriak: