Gehigarriak instalatu
Firefoxekin gertatzen denaren antzera Openoffice-ek ere jatorrizko funtzionaltasunak zabaltzeko gehigarri edo hedapen sistema bat erabiltzen du. Hedapenen zerrenda Firefoxen neurrikoa ez bada ere, hauetako batzuk aukera oso interesgarriak eransten dizkiote ofimatikako aplikazio libre honi. Mota guztietako hiztegiak, PDF fitxategiak editatzeko aukera, dokumentuak Google Docs-ekin sinkronizatzeko modua... dira gehigarri hauekin burutu daitezkeen hainbat ekintza.
Hedapenen instalazio prozesua Firefoxen burutzen denaren antzekoa da. Behin Openoffice-en gaudela, “Tresnak” menuan, “Hedapenen kudeatzailea...” izeneko menuan klikatuko dugu.
Irekiko den leihoan dagoeneko instalatuta ditugun hedapenen zerrenda ikusiko dugu. Berriak instalatzeko “Eskuratu lineako hedapen gehiago...” estekaren gainean klik egingo dugu.
Nabigatzailea ireki eta hedapenen webgunera joango gara zuzenean. Firefoxen gertatzen zen moduan, ezkerreko menuan hedapen guztiak modu ezberdinean antolatuta agertzen dira. Bertan saltseatuz guri interesatuko zaizkigun hedapenetara helduko gara.
Dena den, instalatu nahi dugun hedapenaren izena ezagutzen badugu, egokiena bilatzailean bere izena idaztea izango da. Gure kasuan GureGipuzkoa izeneko gehigarria bilatuko dugu.
Behin gehigarriaren orrrian gaudela, instalatzeko “Get it!” izeneko botoian sakatuko dugu eta gure idazmahaira jaitsiko dugu.
Gehigarrien zerrendara bueltatuz, “Gehitu...” botoia sakatu eta Mahaigainean daukagun oxt luzapena duen fitxategia kargatuko dugu. Segundo gutxi batzuen ondoren, gehigarria instalatuta geratuko da.
Openoffice berrabiarazi ondoren gai izango gara GureGipuzkoa.net webguneko argazkiak gure dokumentuan txertatzeko.