Pirateoa bai, pirateoa ez? Izan legala, partekatu!
Zer da pirateria?
Pirateria, orokorrean, lan baten copyrightak zehazten dituen erabilpen baldintzen urratze bat bezala kontsideratzen da. Dena den, gizarte mailan lan horren egile eskubideak dituen arduradunaren baimenik jaso gabe kopiak egitearekin erlazionatzen da. Beraz, egile eskubideak babesten dituzten legeak dituzten estatu guztietan, egilearen baimenik gabeko kopia guztiak legez kanpo daudela esan beharko genuke eta, ondorioz, estatuek neurriak har ditzakete jokabide horiek agertzen dituztenen aurka.
Legislazioa estatu guztietan berdina izango balitz, kontua hortxe bukatuko litzateke. Ez da hori gertatzen, ordea. Estatu espainolean, adibidez, 1996ko apirilean indarrean jarri zen Jabetza Intelektualaren Legeak baimena ematen dio erabiltzaile bati lan baten kopia pribatu bat egin ahal izateko, baldin eta kopia horren erabilera irabazi asmorik gabe egiten bada, kontsumo pribatu edo pertsonalerako soilik baldin bada. Horrela, legeak zehazten duen zehaztapen horri esker guztiok daukagu irratian entzundako abestien kopia bat egiteko edota telebistan ikusitako pelikula bat etxeko bideo-grabagailuan jasotzeko eskubidea. Eskubidea daukagu, baita ere, CD baten edukia audio erreproduzitzaile eramangarri batera pasatzeko edo DVD baten kopia bat egiteko kotxean seme-alabei ipintzeko, adibidez. Egile eskubideen jabearen baimenik gabe egindako kopia hauek legearen babesa dute, beraz, eta ezin da pirateria bezala kontsideratu.
Estatuan, Jabetza Intelektualaren Legeak 2006an izan zuen aldaketaren ostean, onartuta daude lan artistiko, zientifiko eta literarioen kopia pribatuak, aurrean esandako erabilera baldintzak errespetatzen diren bitartean. Beraz, eta HAU OSO GARRANTZITSUA DA, kanpoan geratzen da edozein motatako softwarearen kopiak egiteko eskubidea, ordenagailurako aplikazioak izan, nahiz bideojokoak izan. Hauen guztien kopiak ilegalak dira.
Interesgarria izan daiteke azaltzea Europako estatu gehienek onartzen dutela kopia pribatuak izateko eskubidea. Estatu Batuetan, ordea, ez da halakorik existitzen; han copyrighta duen edozein lanaren kopia egitea legez debekatuta dago.
Kopia pribatuak banatzea ilegala al da?
Legeak oso garbi adierazten ditu kopiak banatzerakoan egon daitezkeen bi kasu posibleak:
Kopiaren banaketarekin erabiltzaileak irabazi asmoa badu edo erabilera kolektiborako erabiltzen bada (tabernak, festak...), kopiaren banaketa legez kanpokoa da. Horrela, legez kanpo geratzen dira Top Mantaren inguruan sortutako negozioak, adibidez.
Banatutako kopiak gozamen propiorako soilik erabiltzen badira banaketa hori legala dela kontsideratzen da. Ni bezala "TDK Generaziokoak" baldin bazarete, pentsatzen dut behin baino gehiagotan grabatuko zenituztela kaseteak gero lagunen artean banatzeko. Bada horrelakoak ekintzak legalak izan dira betidanik eta halaxe jarraitzen dute gaur egun.
Duela gutxi arte, kopia pribatuek ez zieten arazo berezirik suposatzen egile eskubideen jabetza ordezkatzen zituzten erakundeei. Baina digitalizazioak eta, batez ere, interneten bilakaerak (banda zabalera konexioak eta edukiak partekatzeko protokolo eta aplikazio berriak) izugarri sinplifikatu dute kopia pribatuen banaketa. Horrela, gaur egun, lan bat kalera atera bezain pronto, horren kopia pribatuak mundu osoan zabal daitezke denbora tarte oso txikietan. Horrek hankaz gora jarri ditu lan artistikoen banaketa eta promozioarekin zerikusia duten enpresa askoren negozioa. Euren irabaziak babesteko asmoz, mota guztietako presioak ezarri dituzte, bai arlo politiko baita judizialean ere.
Azken honetan, ahalegin handiak egin badira internet bitarteko lanen banaketa ilegala dela kontsideratzeko, gaurdaino estatuan ez da egon epaile bakar bat ere, internet bitartez kopia pribatuak erabilera pertsonalerako banatzea ilegala dela erabaki duenik.
Komunikabideetako lobby-ek arlo judizialetik joanda ezer askorik ez dutela lortuko konturatu direnean, presioa arlo politikora bideratu dute. Horrela, PSOEko gobernuak oraintxe bertan onartu duen lege batean, baimena ematen dio administrazioari (administrazioak erabakiko du zeintzuk osatuko duten erabakiak hartuko dituen taldea) deskargen linkak eskaintzen dituzten guneak itxi ahal izateko, horretarako epaile baten bitartekaritza beharrezkoa izan gabe. Dena den, lege hau kopiak gordetzen diren zerbitzariak dituzten gune eta hauek deskargatzen dituzten erabiltzaileen artean dauden bitartekoen aurka diseinatu da. Printzipioz, ez dira kopiak jaisten dituzten erabiltzaileen aurkako neurririk zehazten lege honetan.
"Pirateatzea" ez da lapurtzea
Pirateria edozein motatako fitxategien deskarga adierazteko erabiltzen den kontzeptua bada ere, hitz horrek nahasmena sortzen du. Izan ere, legez kanpo dauden deskargak legalak direnekin nahastea normaltasunez onartu da gizartean, kasu guztietan "ilegala" den zerbaitetaz hitz egiten ari garela dirudielarik.
Gobernuek eta komunikabide nagusiek kanpaina zikinak bultzatu dituzte, kontzeptuak nahastuz eta gezurrak zabalduz, batez ere, gaztetxoen artean. Horietako gezurretako bat atal honen izenburuan datorrena da. Behin eta berriro adierazi zaigu internetetik abestiak edo bideoak jaistea lapurtzea dela. Edozein ikuspegitik paralelismo hori onartezina da:
Aurreko atal batean azaldu bezala, egile eskubideak eta copyrighta aitzakia bat izan ziren lan baten jabetza intelektuala merkatal produktu batean bihurtzeko. Objektu baten jabetza izateko berarengandik prezio bat ordaintzera ohitu garen bezala, lan baten atzean egon den "esfortzu intelektualari" prezio bat jartzeko aukera polita eman zuen copyrightak. Horrela, lan bat erosten dugunean, ordaintzen denaren zati bat autorearentzat izaten da, egile eskubideen kontzeptuan Eskuineko irudian ikusten den moduan, CD batengatik ordaintzen dugunaren zati oso txikia da benetan autoreari emten zaiona.
Begibistakoa da kopia pribatuen banaketak eragina duela autoreek izan ditzaketen irabazi ekonomikoetan. Galera hori saihesteko, estatuak zerga berezi bat ("canon" famosoa) ezarri zien (1986an kaleratu zen Jabetza Intelektualaren Legean agertu zen lehenengoz) kopiak egitea ahalbidetzen zuten tresnak egiten zituzten enpresei eta bitartekariei. Zerga honen bitartez autoreek, kopia pribatuen banaketen ondorioz, izan zezaketen galera ekonomikoak saihesten ziren.
Esanda dagoen bezala, digitalizazioak eta interneten bilakaerak kopia pribatuen banaketa ikaragarri erraztu zuten, lan originalen salmenten beherakadak multinazional askori min handia egin zielarik. Irabazien jaitsierari frenoa jartzearren, industriak hartu zuen lehen erabakia deskargak egile eskubideak lapurtzea zela zabaltzea izan zen. Egoera honen aurrean, multinazionalek poliki poliki presioa areagotzen joan ziren politikariengan, canonaren ordainketa euskarri digital guztietara hedatzeko legea kalerat zezaten. Presio horien ondorioz 2006an Espainiako gobernuak "canon"aren ezarpena mota guztietako euskarri digitaletara zabaldu zuen, CD, DVD, mp3 eta mp4 erreproduzitzaileak, disko gogorrak, USB pendrive-ak, memoria txartelak, PDA, telefono mugikorrak... Edozein dela gailu hauek erosteko arrazoia, herritarrok behartuta gaude zerga bat ordaintzea estatuari canon moduan, hauek informazioa modu digitalean gordetzeko aukera soila dutelako.
Horrelakoekin, lotsa gutxi behar da kopia pribatuak egitea lapurtzea dela esateko. Izan ere, kopia pribatua egitea legala izateaz gain, sekula kopia ilegalik atera ez badugu ere multinazionalei diru bat ordaintzen gara zerga moduan.
Bada beste argudio faltsu bat askotan erabili dena. Fitxategiak deskargatzea edozeinek lan baten gainean duen jabetza kentzea dela kontsideratzea. Alegia, fitxategiak jaistea beste edozein ondasun lapurtzea bezala dela zabaldu digute behin eta berriro komunikabideek. Aipagarria da zinema areto askotan oraindik emititzen den eskuineko iragarkia non internetetik artxiboak deskargatzea andre bati poltsa lapurtzea edo kaleko kotxe bat lapurtzea bezala aurkezten den.
Iragarki horretan transmititzen diren ideiak eta baloreak okerrak izateaz gain, herritarrongan kontzeptu faltsuak zabaltzeko asmo garbi bat antzematen da, bereziki kezkagarria gainera, kanpaina horren atzean Espainiako Kultura Ministeritza dagoela ohartzen garenean
Ezin da inolaz ere onartu horrelako paralelismorik. Fitxategi bat jaisten denean norbaitek lehendabizi partekatzeko borondatea aurkezten behar izan du (lapurreta batean gertatzen ez dena) eta gainera, deskarga burutzen denean, fitxategia partekatu duenak bere jabetza mantentzen du jatorrizko lanarekiko. Lapurreta gertatzen denean batek duen ondasun materiala galdu egiten da.
Hezitzaileon ardura da mezu faltsu guzti hauek behar bezala azaltzea gure ikasleei, kopiatzea, lapurtzea eta fitxategiak jaistearen artean dauden ezberdintasunak modu argian azaltzea. Ezin dugu ahaztu "Konpetentzia digitala eta informazioaren trataera" oinarrizko konpetentzietako bat dela eta gai hauek guztiak kokapena dute konpetentzia horren barnean.
Partekatzea balore pertsonal garrantzitsu bat da
Irakasle eta gurasook txiki-txikitatik ahalegintzen gara gure ikasle eta seme-alabei euren gauzak ingurukoekin konpartitzeak duen garrantzia transmititzeaz. Eskolan nahiz etxean, helduok balore horretan eredu izaten ahalegintzen gara, ziur baikaude gure seme-alabek, helduok ingurukoekin partekatzeko izpiritu hori dugula ikusten badute, eurek ere euren jostailu, liburu, gozokiekin edo sentimenduekin jarrera bera izango dutela. Eta bide horretan hezten ditugu badakigulako gure umeek konpartitzeko ohitura badute, lagun eta ezagunen artean pertsona eskuzabala eta ulerkorrak kontsideratuak izango direlako, sozialki ondo ikusiak eta onartuak eta horrek euren autoestimua sendotzeko balioko duela, pertsona integrala izateko prozesuan lagungarria.
Gizakiak aspalditik izan du partekatzeko ohitura, bai ondasun materialekin baita intelektualekin ere. Betidanik izan dugu ideiak, kultura, artea... gizartearekin modu librean partekatzeko joera, ahoz-ahoko zuzeneko transmisioaren bitartez askotan (eskola horren eredua da). Teknologiaren garapenaren eta gizartean merkatal-harremanak nagusitzearen ondorioz, ideiak, kultura, artea... beste bide batzuetatik transmititzen hasi ginen, euskarri fisikoei lotuta eta, beste edozein objekturekin gertatzen zen moduan, hauen ahoz-ahoko transmisio batetik salerosketa bitarteko harreman mota desberdin batera pasa ginen. Sorkuntza guztiei prezio bat jarri zitzaien eta eskaintza-eskariaren logikak agintzen duenaren arabera, balio hori gainera gizartean egon zitekeen eskaeraren araberakoa izatera pasa zen. Logika honetatik sortzaileak bakarrik etekin ekonomiko nahikoak ematen dituzten horiek kontsideratzea pasa ginen. Sortzaileak, artistak, idazleak... negozioarentzat errentagarriak ziren gutxi batzuk bakarrik izan zitezkeen. Ideien eta kulturaren partekatzea giza-harreman logikatik aztertua izatetik, ekonomiaren eta negozioaren logikatik aztertua izatera pasa zen.
Internetek ere, lehen urratsak, logika berdinaren bidetik egin zuen. Erabiltzaile arruntok, hasiera batean, hartzaile gisa erabiltzen hasi ginen. "Kontsumitzen" genuen informazio guztia "sortzaileen koalizioak" sortu eta kontrolatzen zuen, jabetza gutxi batzuena izanik bakarrik eta bertako informazioa partekatzea ohiko legediaren arabera kudeatzen zelarik. Baina gauzak asko aldatu ziren euskarri digitalen garapenarekin lehenik, Napster bezalako aplikazio baten eskutik gero eta web 2.0-ren etorrerarekin azkenik.
Lehenik musika izan zen, jarraian argazkiak, beranduxeago bideoa eta azkenik liburuak. Teknologia digitalak kultura=objektu loturarekin hautsi zuen. Kultura eskuratzeko dagoeneko ez da beharrezkoa euskarri jakin eta berezi bat erostea. Kode bitarra jasotzen duen edozein biltegi bat izatea nahikoa da. Kode hori edozein ordenagailuk ulertzen duenez, dagoeneko ez dira beharrezkoak bestelako tresnarik baliabide horietaz disfrutatzeko.
Digitalizazioak kultur sorkuntzak bildu eta gordetzeko bide berriak ekarri zituen. Baina internet-en bilakaerari eta, batez ere, Napster bezalako aplikazio baten garapenari esker, sorkuntza hauen partekatzea oso gauza errazean sinplean bihurtzea ahalbidetu zuten. Honek urte askotan iraun zuen partekatzeko ohiko moduarekin zeharo puskatzen zuen: kultura eta ideien transmisioa euskarri fisikoen menpekotasunetik libre zeuden berriro ere.
Web 2.0ren etorrerak informazio eta ezagutzaren demokratizazio bat suposatu zuen. Izan ere, orduraino sortzaile izateko "pribilegioa" gutxi batzuen esku baldin bazegoen, internet berri honek edonori eskaintzen dio aukera bere sorkuntza pertsonalakk besteen esku ipintzeko. Berdin dio analisi iritzi-artikuluak diren, abestiak, bideo-dokumentuak, ikerketa zientifikoak, argazki bildumak... norberaren sorkuntza intelektualak besteen esku utzi, ekarpen horiei gainera, jabetzari lotutako preziorik jarri gabe, denon eskura ipintzea gaur egun zerbait arrunta bilakatu da.
Bitxia bada ere, gaur egun berriro bueltatu gara antzinako egoerara, grekoen foroetara, trobalarien garaira... kulturaren transmisio eta partekatze eredu libre batera, kasu honetan gainera, kulturaren transmisio lokal batetik global batera pasatu garelarik. Kulturaren transmisioa giza-harremanen perspektibatik ulertu behar den balore garrantzitsu bat kontsideratzea bueltatu gara berriro ere, logika merkantilistak ezarritako murrizketatik aske. Gertatu den iraultza berri honek, hedabideetatik zabaltzen ari diren mezu katastrofistek adierazten dutenaren aurka, ez du sorkuntza kulturala hankaz gora ipini. Guztiz aurkakoa gertatu da; sortzaile izateko "pribilegioa" berriro gizarte osora hedatu da. Iraultza sozial honek zerbait hankaz gora ipini badu hori orain arteko sortzaile eta hartzaileen arteko bitartekaritza egiten duten multinazionalen negozioa izan da, goiko infografian ikusten den bezala, sorkuntza batek ematen dituen irabazien pastelean zatirik handiena eramaten duten horien negozioa.
Antzinan bezala, kultura eta ideien transmisioa guztion esku dagoen zerbait izatera pasa da, beraz. Gaurko gaztetxoek, euren jostailu, goxoki eta panpinak ingurukoekin partekatzeko aukera izateaz gain, gu ez bezala, euren sorkuntza intelektualak mundu osoarekin modu librean partekatzeko aukera dute. Egin dezagun, beraz, ahalegin berezi bat, bai etxean baita eskolan ere, euren sormena bultzatzen, euren adimen artistikoa garatzen eta erakutsi diezaiegu, baita ere, duten aberastasun intelektual eta kultural hori besteekin modu librean partekatzen. Komunitatean pertsona esku-zabalak eta lagunkoiak kontsideratuak izaten lagunduko die eta horrek, autoestimua sendotzeaz gain, pertsona hobeagoak izaten lagunduko die.
Legala bazara, partekatu
Salatu beharra dago gobernu eta lobby audiobisualetik bultzatu dituzten kanpaina gaiztoak. "Si eres legal, eres legal" kanpainaren inguruan gobernu espainolak ekoiztu eta zabaldu zuen bideoan, gaztetxoei transmititzen zaien mezua bidegabekoa eta onartezina da edozein ikuspegitik. Bideoan ikusten den moduan, intenetetik fitxategiak jaistea (beste inongo detailerik edo argibide gehiagorik eman gabe) etikarik gabeko jokabide asozialekin egiten den paralelismoa guztiz lekuz kanpo dago. Kezkagarria da mezu hauek sor dezaketen eragina. Izan ere, duela gutxi batxilergoko ikasleen artean egin dugun inkesta batean jaostako erantzunen arabera, gazteek ez dute batere garbi euren fitxategiak partekatzea legala den edo ez. Gazteek eurek hori garbi ez badute, zentzuzkoa da pentsatzea guraso eta irakasle askok ere, antzera egongo direla.
Horrelako kanpainen aurrean irakasle eta orientatzaileen jarrera zein izan behar den oso garbi dago.
Alde batetik, aurreko atalean aipatu bezala, gure gazteen hezte prozesuan hain garrantzitsua den partekatzearen balorea lantzen eta bultzatzen jarraitu behar dugu. Animatu behar ditugu euren sorkuntza kulturalak, euren ekarpenak, gizarteratzen partekatzearen filosofia horri jarraituz.
Bestetik, gai atzean dauden ikuspegi moral eta etikoaz ere hitz egin behar diegu. Hauetaz gain lege batzuk ere badaudela azaldu behar diegu eta bizitzako beste hainbat arlotan gertatzen den bezala, askotan arau moralak legeak dioenarekin kontraesanean egon badaiteke ere, horrela den bitartean legea errespetatzea denon lana dela uler arazi behar diegu. Gizartean ikuspegi hau hedatzen joatea denon zeregina da; horrela lortuko dugu gaur egun, atal askotan zentzu handirik ez duten legeak aldatzea.
Beraz, "Si eres legal, eres legal" leloari buelta emango nioke eta ondorengoa transmitituko nieke nik, gure ikasleei:
"Legara bazara, partekatu!" eta baita ere, "Partekatzen baduzu, izan legala!"