Fitxategiak konprimatu eta deskonprimatu
Ubuntun ez da behar aplikazio berezirik konprimatuta dauden fitxategiak ireki ahal izateko. .rar luzapena duten artxiboak kenduta, beste guztiak zuzenean ireki ditzakegu. Gauza bera esan daiteke, noski, konprimatutako fitxategiak sortu nahi baditugu.
Zip fitxategi bat irekitzea, adibidez, oso gauza sinplea da. Horretarako nahikoa da artxiboaren gainean saguaren eskuineko botoiarekin klik egitea. Agertuko zaigun menu berrian “Erauzi hemen” aukera esleituko dugu. Deskonprimatu dugun fitxategiaren ondoan izen bereko karpeta baten barruan ikusi ahal izango ditugu sortu berri diren fitxategi guztiak.
Aurkako prozesua burutzea ez da konplikatuagoa. Konprimatu nahi ditugun fitxategien gainean arrastatuko dugu sagua. Fitxategi guztiak esleituta ditugunean eskuineko botoiarekin egingo dugu klik eta “Sortu artxiboa” aukeratuko dugu.
Irekiko zaigun leihoan, lehenik fitxategiaren izena eta luzapena aukeratuko dugu eta jarraian bere kokalekua. Nahi izanez gero, sortuko dugun fitxategi berria pasahitzez babestu ahal izango dugu ere. Amaitzeko “Sortu” botoia sakatuko dugu. Ikusten den bezala prozesua ez da batere konplikatua.