Zein lizentzia mota existitzen dira?

Lizentzien bitartez egile eta erabiltzaileen kontratuzko harremanak zehazten badira, zentzuzkoa da pentsatzea harreman mota desberdin bakoitzeko lizentzia mota desberdin bat defini daitekeela. Eta berez horrela gertatzen dela esan daiteke. Software askeari loturiko lizentzia zerrenda ikustea besterik ez dugu horretaz jabetzeko. Gauzak sinplifikatzea arriskutsua izan badaiteke, jarraian software mota nagusienen zerrenda labur bat adierazten da, hauetan erabiltzen diren lizentzia mota arruntenen ezaugarriak modu laburrean azalduz.

Software jabeduna

Software jabeduna salduz egileak onura ekonomikoak lortzen dituenean, software horri software komertziala deitzen zaio. Garbi utzi beharra dago onura ekonomikoak izateko eskubidea copyrightaren titularrarena dela bakarrik, ez beste inorena. Pertsona batek programa informatiko bat (hala aplikazio bat nola bideojoko bat) erosten duenean eskubidea dauka horren erabilera egiteko baita erabilpen pertsonalerako soilik izango den kopia pribatu bat egitea ere. KONTUZ!! Lan artistikoekin gertatzen ez den bezala, kopia horren banaketa egitea (onura ekonomikorik jasotzeko asmorik gabe baldin bada ere) legez kanpoko ekintza da.

Software pribatiboaren barruan ematen diren eskubide murrizketa maila ezberdinen arabera, ondorengo aukerak izan ditzakegu:

Shareware

Software mota hau, egilearen baimenarekin, modu librean banatu eta kopia daiteke denbora epe jakin bat pasa bitartean. Ondoren, diru kantitate bat ordaindu behar da erabiltzen jarraitzeko. Dena den, egileak jartzen duen obligazio hori erabiltzailearen borondatearen menpekoa da, alegia, obligazio morala izaten da nagusiki.

Demoak

Software mota honetan, aplikazio originalaren hainbat aukera murriztuta egoten dira erabiltzailearentzat edota aplikazioa desaktibatu egiten da denbora epe jakin baten ondoren. Funtsean shareware moduan banatzen den softwarea da baina murrizketak izaten ditu, bai funtzionaltasunaren ikuspegitik edo bai erabilpen denbora epearen ikuspegitik.

Freeware

Freewarea modu librean erabili, kopiatu eta banatu daiteke baina ez du erabiltzailearen esku uzten aplikazioaren iturri kodea. Dohainekoa bada ere, kodean duen murrizketa dela eta, ezin da software librea kontsideratu.

Software librea

Beste atal batean dagoeneko azalduta dagoen moduan, software bat askea izateko erabiltzailearen lau askatasunak bermatuta egon behar dira. Nahikoa da horietako bat ez betetzea software hori definizio honetatik kanpo geratzeko. Software mota hau Copyleft izeneko lizentziari lotuta egoten da. Dena den, arraroa baldin bada ere, hori ez da beti gertatzen.

Copyleft gabeko software librea

Autoreak baimena ematen dio erabiltzaileari software hori banatu, kopiatu eta kodea eraldatzeko (lau askatasunak) baita nahi dituen erabilpen murrizketa gehigarriak eransteko ere. Horrela, gerta daiteke software mota honen bertsio batzuk erabat libreak ez izatea. Softwaregintzara dedikatzen den enpresa batek iturri kodea hartu, moldatu eta prestatutako software bertsio berria pribatiboa eta komertziala izatea erabaki dezake.

Copyleft lizentziadun software librea

Lizentzia honen bitartez babestutako softwarearen kopia guztiak edota honengandik eratorritako bertsio guztiak software librea izaten jarraituko dutela bermatzen da. Lizentzia honen bitartez ezingo dira inolaz ere murrizketarik gehitu eratorritako aplikazioetan, iturri kodea beti publikoa izango dela ziurtatuko delarik.

Copylefta lizentzia bat baino gehiago, kontzeptu orokor bat da. Software bat copyleft bitartez babestu ahal izateko, egileak erabilpen baldintza zehatz batzuk definitu behar ditu. Baldintza hauek modu askotara zehaztu daitezkeenez, copyleft motako lizentzia asko daude. Horien artean nagusienak General Public License (GPL) lizentziak (softwaregintzan erabilia batez ere) eta Creative Commons lizentziak izanik (lan eta ekoizpen kulturaletan erabilia batez ere).

Webgrafia