Aplikazioak Gehitu/kendu
Ubuntun aplikazioak instalatzeko modurik errazena Aplikazioak izeneko menuan dagoen Aplikazioak Gehitu/Kendu aukera erabiltzea da.
Aplikazio bat instalatzeko bi bide jarrai ditzakegu:
Leihoaren ezkerraldean agertzen diren menu desberdinetara joan eta bertan agertzen diren aplikazioen artean guri interesatzen zaizkigunak esleitu.
Zuzenean eskuineko bilatzailera joan eta bertan instalatu nahi dugun aplikazioaren izena idatzi.
Adibide gisa, haurrentzat bereziki prestatutako ariketa eta joku desberdinak biltzen dituen GCompris izeneko programa instalatuko dugu. Horretarako nahikoa izango da, bilaketaren emaitzen gainean klik egitea.
Instalazioa burutzen den bitartean, aipatu bide hau aplikazioak instalatzeko modu errazena bada ere, eragozpen txiki bat baduela. Izan ere, bide honetatik soilik instala daitezke bigarren aplikazioen menpekotasun zuzenik ez duten aplikazioak. Alegia, instalatu nahi dugun aplikazioak sisteman instalatuta ez dauden beste fitxategi batzuen beharra baldin badu modu egokian funtzionatzeko, hau ezingo dugu bide honetatik instalatu.
Instalazioa amaitu ondoren ez da beharrezkoa sistema berrabiaraztea. Aplikazioak izeneko menuan Hezkuntza izeneko atal berri bat ikusiko dugu eta honen barruan GCompris abiarazteko aukera izango dugu.
[OHARRA]: Pasa den urriaren 29an kaleratu zen Karmic Koala izeneko Ubuntu 9.10 bertsio berrian tutorial honetan aipatzen den "Aplikazioak Gehitu/Kendu" aukeraren ordez "Software-Biltegia" izeneko aukera berria ezarri dute garatzaileek. Kanpo itxura desberdina edukita ere, funtsean aukera berri honen oinarrizko funtzionamendua hemen adierazten denaren ia berdina da. Ez du arazo gehiegirik suposatzen egoera berrira egokitzeak.