Zuzentzaileak erabili
Firefoxen instalatu daitezkeen gehigarri ezberdinen artean zuzentzaile ortografikoek garrantzia berezia dute. Izan ere, eurei esker nabigatzailean idazten ditugun orrietan (webmail, blog wiki eta abarretan) ortografi zuzenketa automatikoa egiteko aukera eransten diogu Firefoxi. Horrela, gure ekipoan instalatutako ofimatika aplikazioetan burutzen dugun zuzenketa prozesu berbera egin ahal izango dugu webean.
Ubuntu euskaraz instalatu badugu, Firefoxen euskarazko zuzentzailea “de serie” instalatuta etorriko zaigu. Erabiltzen hasteko lehenik ortografia zuzenketa aktibatu beharko dugu. Jarraian, instalatuta dauzkagun zuzentzaile guztien artean euskarazkoa gaitu beharko dugu.
Idazten hasten garenean, zuzentzaileak gaizki idatzitako hitz bat aurkitzen duen bakoitzean, gorriz azpimarratuko du. Zuzentzeko hitz horren gainean eskuin klika egingo dugu eta zuzentzaileak proposatutako aukeren artean egokia dena esleituko dugu. Hori da guztia.
Ubuntu ez den beste sistema eragile batean erabiltzen ari bagara Firefox edota hizkuntz desberdin baterako zuzentzailea behar badugu, hau beste edozein gehigarri bezala instalatuko dugu. Gehigarrien orrian “Hiztegiak eta hizkuntza-paketeak” izeneko atalean klikatuko dugu. Hizkuntza zerrendan guk nahi duguna bilatuko dugu eta “Instalatu hiztegia” estekaren gainean klikatuko dugu. Gure kasuan Spanish aukeratuko dugu.
Instalazioa amaitutakoan, nabigatzailea berrabiaraziko dugu. Zuzentzaile zerrendan erdarazko zuzentzailea instalatuta dagoela ikusiko dugu. Idazten hasi aurretik hautatuko dugu. Okerrak diren erdal hitz guztiak gorriz azpimarratuta ikusiko ditugu. Zuzentzeko aurrean azaldutako prozesuari ekingo diogu.