Zergatik erabili software askea irakaskuntzan?
Azken urteotan ahalegin handiak egin ditugu gure ikastolan IKTek suposatu duten iraultza gure jardunean txertatzeko. Ahalegin hauek guztiek helburu bi izan dituzte nagusiki. Alde batetik, "iraultza" hori errealitate bat izateko beharrezkoak ziren baliabideak zerrendatu, lortu eta berrantolatu; bestetik integrazio hau erabiltzaileontzat ahalik eta modu gardenean ematea. Azpiegitura mailako inbertsio handiak egin dira, gure ikastola ondo hornitutako ikastetxea izan dadin. Kontutan izanik zein zen gure komunitateko erabiltzaileen IKT profila, gehienetan erabili dugun softwarea pribatiboa izan da, horrela lortzen baikenuen ikastolara ekarritako tresna hauekiko trebakuntza sinplifikatzea. Azken finean, arrazoi praktikoak izan dira nagusiak erabaki hori hartzerakoan.
Noski, erabilitako software pribatiboaren lizentziak erostea ekonomikoki jasanezina izanik, softwarea legez kanpo erabiltzea behartuta egon gara. Baina ez gara jabetu erabaki honek gure ikasleen etorkizunean aurreikusten duguna baina eragin handiagoa izan dezakeela. Izan ere, marka komertzial bateko produktu jakin batzuk erabiltzea behartu ditugu, hauekin burutu daitezkeen zereginen alderdi operatiboan soilik zentratuz, zeregin horiek betetzeko beharrezkoak diren gaitasunei garrantzirik eman gabe.
Ez genuke nahi, ezta ere, software pribatiboaren garrantzia minimizatu. Lizentzia pribatiboa duen software batek ikasleen formazioan lagundu dezakeen baliabide bat izan daitekeela garbi dago; aurkezpen multimedia batek funtzio bera burutu dezake software pribatiboa nahiz software askea erabiliz. Baina lehenengoarekin formazio hori jasotzeko nahikoa da softwarearen ezaugarriak ezagutzea eta bigarrenarekin berriz, kontsumo soiletik aldendu eta atzean dagoen teknologiari erreparatzen dio. Bigarren honekin erabiltzaileok teknologiaren ezagutzarako askatasuna dugun bezala, lehenengoarekin erabilera soilerako prestatzen ditugu gure ikasleak.
Erabiltzaileek duten askatasun hori irakaskuntzan software askea bultzatzeko arrazoi nagusienetako bat da baina ez da bakarra. Gure iritziz, irakaskuntzan software askea erabiltzeko arrazoi gehiago daude:
Software askea hezitzailea da
Imajina dezagun Natur Zientzietako saio bat. Ikasleei kutxa beltz itxi bat ematen zaie. Bertan ura botatzerakoan, ikusten ez den hazi bat ernalduko da, landarea lortzeko jarraituko den prozedura osoa izkutuan geratuko delarik.
Imajina dezagun matematikako klase bat. Ikasleei zatiketaren kontzeptua azaltzen zaie eta kalkulagailu baten erabilera ere irakasten zaie. Baina zatiketa konplexuak egitera debekatzen zaie hauek aplikazio industrialetan erabiltzen diren mekanismo sekretu batzuetan oinarrituta baitago.
Imajina dezagun literatura klase bat non ikasleek liburu baten argumentua ezagutzearekin konformatu behar diren, bertan erabilitako estilo elementuak beste norbaitek erabiltzea sahiestea nahi delarik.
Goiko adibide txepel horiek gure ikasleek software ez askea erabiltzen dutenean gertatzen dena adierazteko baliagarriak izan daitezke. Alegia, software pribatiboa erabiltzen dutenean, ikasleak ezagutzaren atarian ipintzen ditugu baina benetako ezagutza lortzeko aukerarik ez diegu eskaintzen.
Garbi dago gure ikasle guztiak ez direla etorkizunean programatzaileak izango. Seguraski hauetako gehienek ere ez dute matematika, literatura, musika edota biologia izango etorkizuneko lanbide bezala. Baina halere, ikastolaren eginkizuna da, bere ikasle nahiz irakasleek erabiliko duten ondare teknologikoa ezagutzeko eta partekatzeko duten eskubide eta askatasuna bermatzea. Komunitateko kide hauen hasierako kuriositate hori trebezia batean bilakatuko balitz, ikasleen beste gaitasun bereziekin egiten den bezala (hala nola, idaz-lehiaketak edota irabazi edota kirol jardueretan emaitza bikainak lortzen direnean ), eskolak horretaz baliatu eta horren berri publikoa eman beharko luke gainera.
Ikastolak lizentzia pribatua duen softwarea soilik erabiltzen badu ikasleari software hori etxera eraman eta berarekin jolastu eta ikertzeko aukera kentzen zaio. Softwarea barrutik ezagutzeko aukera izatea zerbait garrantzitsua dela uste dugu; softwarea ez da soilik erosten den produktu bat, baizik eta ikasteko eta norberaren ezagutza zabaltzeko baliabide bat. Matematika, idazketa, margolaritza edota musika bezala, aplikazioen eraikuntza bizi dugun Aro Digitalean geroz eta garrantzi gehiago duen kultur espresio bat da. Eskolaren rola aplikazio hauen ezagutzan lehen urratsak eman eta, etorkizunari begira, oinarrizko gaitasun digitalak lortzen laguntzea da. Horrela bakarrik lortuko dugu, softwarearekiko menpekotasunik izango ez duten etorkizuneko profesionalak lortzea. Gaur egun gertatzen ari den bilakaera teknologiko azkarrari aurre egingo dioten profesionalak bultzatu behar ditugu gure eskoletan.
Software askea eraikitzailea da
Konstruktibismoaren arabera, aprendizaia, egungo eta iraganeko ezagutzetan oinarrituta, ikasleak ideia berriak eraikitzeko jarraitzen duen prozesua da. Horrela, software askeak bultzatzen dituen elkarlan eta askatasun printzipioak aprendizaia eredu honentzat marko ideala suposatzen duela pentsatzen dugu. Izan ere..
...ezagutza orokorra eta bere eraikuntzarako beharrezkoak diren baliabide guztietarako (oinarrziko kodea, eskuliburuak, bideotutorialak...) irisgarritasuna librea eskaintzen du.
...software libreko proiektuak bultzatzen dituzten komunitate zientifikoetan elkarlanean aritzea bultzatzen du (ezin da ahaztu software askea munduko komunitate zientifikorik handiena eratzen duela)
...gizaki bakoitzaren gaitasun, behar, interes eta berezitasunen araberako aportazioekin eraikitzen diren komunitateak ahalbidetzen ditu.
Konstruktibismoa izanik azken hezkuntz erreformen oinarria (horixe da hain zuzen ere, duela gutxi onartu den Euskal Curriculumaren ardatz nagusietako bat) ezin dugu horrelako testuinguru metodologiko bat imajinatu software pribatiboan oinarrituz, bere ezaugarri nagusienak bezala ezagutzaren errepresioa eta oskurantismoa izanik. Software askearen bitartez ezagutzaren eta informazioaren barreiatzea bermatzen dira, bertan ikasleek modu parte-hartzaile batean...
...elkarlanean lan egiten dute aktiboki arazoen konponbidean.
...benetako arazo konplexuei aurre egiteko beharrezkoak diren gaitasunak, bitartekoak eta jarrerak garatu beharko dituzte.
...arazo horien aurrean nola lan egin ikasi beharko dute.
Software askea etikoa da
XXI. mende hasiera honetan, asko dira (irakasle batzuk ere, tartean) oraindik eskolaren rol nagusia lanerako edota unibertsitaterako ikasleak entrenatzea dela pentsatzen dutenak. Hori horrela bada, eskolaren helburu nagusiena enpresen errentagarritasuna hobetzeko langile otzan eta merkeak entrenatzea dela pentsatzen badugu, orduan ez du garrantzirik izango mota bateko ala besteko softwarea erabiltzea.
Dena dela, ez du ematen hori denik azken curriculumetan islatzen den filosofia. Hauetan curriculumaren helburu nagusiena bizitzarako ongi prestatutako pertsonak lortzea izango litzateke. Horrela oinarrizko konpetentzia eta azpi-konpetentzien lorpenean garrantzia berezia hartzen dute ingurunearen zainketarekin zerikusia dutenak gaiak (hondakinen birziklaketa, adibidez), harreman pertsonalekin eta komunikazioarekin zerikusi zuzena dutenak (bizikidetza eta gatazken konponketa, adibidez) edota gizarte mailako harremanekin erlazionatutakoak (komunitate dialogikoak, adibidez). Iruditzen zaigu software askea ere testuinguru honetan txertatu beharko litzatekeela, izan ere, ikasleek software askea erabili eta ezagutzen badute, software askea erabiliko dute eskolaldia amaitutakoan eta horrek, multinazional eta enpresa erraldoiekiko askeagoak bihurtuko ditu.
Software askeak pentsakera kritikoa eta malgua duten hiritarrak eratzen laguntzen du, sortzaile, berritzaile eta ekintzaileak. Etengabeko ikaskuntzaren ideia barneratuta duten hiritarrak bultzatzen ditu.
Arestian esan dugun bezala, entrenatzeko edozein software izan daiteke baiagarria, baina hezitzeko, zalantzarik gabe software askea egokiagoa da. Meritu pertsonalean eta giza solidaritatean oinarritutako balio eta jarrera positiboak bultzatzen ditu. Hauen artean:
Ez dagoela dena eginda, oraindik erronkak badirela
Gauzak beti hobetu daitezkeela
Jarrera eraikitzaile bat izatea
Adin, arraza, giza-status edota tituluen gainetik, komunitate lokal nahiz internazionaletan lagundu ahal daitekeela
Egia/perfekziora gerturatzeko modu asko daudela eta gizaki/talde bakoitzak bere ekarpena egin dezakeela
Kide/komunitate bakoitzarentzat egokiena dena, taldeko behar/espektatiben arabera askatasunez erabakitzen dela
Denok denongandik ikasteko aukera daukagula; inor ez dela ahalguztiduna edota orojakilea
Ezagutza modu librean zabaltzeko aukera badagoela (klasea ematen dugunean ahalegintzen garena, hain zuzen ere)
Ez dela diskriminatzen.
Taldean modu kolaboratiboan lan egitea merezi duela
Ikertzeko, sortzeko, eraldatzeko eta ikasteko askatasuna dugula
Horrela, software askeak gure gaztee gaitasunak garatzeko esparru bat eskaintzen du, inongo diskriminaziorik gabeko testuinguru batean. Meritokrazian oinarrituta, bakoitzak bere ekarpenak egiten ditu bere konpetentzia eta gaitasunen arabera.
Software askea legala da
Inork ezin du ukatu eskolaren oinarrizko misioetako bat hiritar onak lortzea dela, euren laguntza beharko duten bizilagunak laguntzeko prest egongo direnak. Richard Stallman-en hitzetan “ordenagiluen eremuan, ikasleak euren artean softwarea partekatzen irakastea” esan nahiko luke. “Oinarrizko irakaskuntzan, beste edozeren gainetik, ikasleei zera adierazi beharko litzaieke: eskolara softwarea eramaten baduzu, zure lagunekin partekatu beharko duzu. Noski, eskolak erakusten duena praktikan jarri beharko luke: eskolan instalatutako software guztia ikasleen esku ipini beharko luke honek kopiatu, etxera eraman eta edozeinekin banatu ahal izateko”.
Ukaezina da ere, gaur egun gure ikastoletan ematen den lizentziarik gabeko softwarearen erabilera eta honen partekatzea errealitate bat dela. Lizentzien ordainketa jasanezina den eskolek, software propietarioaren legez kanpoko kopiak erabiltzea jotzen dute, munduko egoera arruntena izango balitz bezala.
Irakaskuntza munduan hain arrunta den jokabide honek bere eginkizunarekin koherentzia falta izugarria suposatzen du. Denok dugu hezkuntza erakunde askok antolatzen dituzten ikastaroen berri non bertan software pribatiboa den aplikazio baten inguruko formazioa eskaintzen den, jakinik gainera ikastaroa jasoko duten irakasleek ez dutela aukerarik izango gero, ikasi duten aplikazioaren lizentzia ordaintzeko; denok dakigu administrazioak denon diruarekin ordaindutako ekipoetan Microsoften produktuak promozionatzen dituela gero ikastetxeetan erabiltzeko; denok ezagutzen ditugu besteen softwarea pirateatzeko arazorik ez duten erakundeak baina haserre bizian jartzen direnak euren ekoizpenak P2P sareetan topatzen dituztenean.
Software propietarioa erabiltzen badugu irakasteko, gure ikasleak lizentziak erostera behartzen egongo ginateke edo, kasurik txarrenean, softwarea pirateatzea. Hezitzaileak garen momentutik, egoera hori normalizatzea derrigorrezkoa ikusten dugu. Software askea erabiliz, ordea, aurrean aipatutako jokabideak zilegiak eta lege barnekoak bihurtzen dira.
Software askea anitza da
Software askearen inguruan sortutako aplikazioen kopurua izugarria da. Edozein arlo curricularrerako diseinatutako software askeko aplikazioak aurki ditzakegu. Aplikazio espezifiko ugari topatuko ditugu matematika, kimika, geografia... eta beste hainbat arloetarako ere.
Aniztasun honek badu abantail txiki bat. Izan ere,irakasleok gure eguneroko lanerako software generikoak nagusiki erabiltzen baditugu ere (ofimatika eta edizio aplikazioak batez ere) beti ditugu software espezifikoen beharra, eskolaurre eta LHko lehenengo ziklorako adibidez (multimedia karga handiko aplikazioak izan behar direnak) edota dbh eta batxilergoko arlo espeziikoetan erabiltzeko, adibidez (geometria, formulazioa...). Ez da zaila software askeko katalogoan gure behar horiek asetuko dituzten aplikazioak aurkitzea.
Asko hitz egin da, eta hitzegiten da oraindik, software askearen “kalitate” faltari buruz. Eztabaida hau, batez ere, duela urte batzuetako kontua da, irakaskuntzan erabiltzen zen softwarea nagusiki modu lokalean erabiltzen zenean.
Horrela, ekipoetan instalatutako software generikoari buruz ari bagara (sistema eragileak, ofimatikako aplikazioak, irudi eta bideo editoreak...) oraindik aldea egon daitekeela esan daiteke. Baina, ukaezina da baita ere:
Irakaskuntzako kideon gehiengo batentzat, goi-mailako aplikazio hauetako askok eskaintzen dituzten tresna asko ez ditugula erabiltzen.
Poliki poliki, aplikazio hauen artean dagoen aldea murrizten ari dela konstatazio bat da. Garatzaile komunitate internazionalaren lanaren ondorioz, tarte hori geroz eta txikiagoa dela esan daiteke.
Sistema eragilearen kasu konkretuari dagokionez, esan daiteke, gaur egun, badirela Linux banaketak (Ubuntu izan daiteke adibide garbiena) Windowsekiko inolako alderik aurkezten ez dutenak. Sistema egonkorrak, seguruak eta fidagarriak izateko kalitate handia eskaintzen dituzten sistema eragileak dira.
Software generiko hauetatik kanpo, behar bereziak asetzeko aplikazioak behar direnean, gehienetan software askera jo beharko genuke, software enpresa handi gehienek irakaskuntzak dituen behar berezi hauetara egokitzen diren software espezifikoei ez baitie arreta handia jartzen.
Dena den, eta dagoeneko aurrean aipatu dugun bezala, irakaskuntzan geroz eta garrantzia handiagoa hartzen hasi da internet aplikazioen plataforma bezala. Geroz eta gehiago dira lan esparru berri honetan erabiltzen ditugun web aplikazioak. Eta hemen zalantzarik gabe esan dezakegu software askean oinarritutako aplikazioak nagusi direla, bai kopuruan baita kalitatean ere. Software garatzaile nagusiek alde batera utzi duten esparru berri honetan, nagusitasuna duten aplikazioak software askearen mundutik datozenak direla ukaezina da. Etengabe sortzen ari dira gure egunerokotasunean oso lagungarriak izan daitezkeen web baliabide berriak, gehienek gauza sinpleak egiten dituzte eta, normalean, erabilerrazak izaten dira.
Puntu honetan, ñabardura txiki bate egin beharko genuke. Izan ere, egia da aplikazio hauetako asko ezin direla software askearen multzoan txertatu, askok ez baitute betetzen horrela kontsideratzeko bete beharreko lau baldintzak. Baina, hauen erabilera dohainekoa da, beraz, lizentzia ekonomikoekiko askeak eta askoren kasuan gainera, kode irekia izaten dute, nahi duenak honen gainean moldaketak egin ditzan.
Software askea merkea da
Irakaskuntza munduan lanean gabiltzanok badakigu zeinen garrantzitsua den guretzat oreka ekonomiko bat bilatzea ikastolak dituen diru sarreren eta gastuen artean. IKTen esparruan, non gastuak batez ere kopuru handiak suposa ditzaketen, oreka hori lortzea ez da erraza.
Software askeak atal honetan eragin positiboa izan dezake, izan ere, kalitatezko softwarea eskuratzeko egin beharreko hasierako inbertsioa nulua da. Aplikazio hauen eguneraketak ere, modu beretsuan lortzen dira.
Baina software askea ez da doahinekoa. Softwarearen inplementazio eta mantenuak diru kostu bat suposatzen duela onartu beharrean gaude. Azken finean erabilerari lotutako kostu bat beti du lotuta; den den, software askean oinarritutako sare batetan ematen den gastua ordenagailuko, software propietarioa erabiliz ematen denaren azpitik egoten da.
Esan beharra dago badirela arrazoi objektiboak goikoa justifikatzen dutenak:
Alde batetik, software askearen ezaugarri bat bere egonkortasuna eta atzean duen kodearen kalitatea da. Honek, denbora epe luzean mantenu lanik burutu beharrik ez izatea dakar.
Bestalde, software askea kanpotik etor daitezkeen erasoekiko aske dago hein haundi batean. Birusak, spama eta bestelako erasoek suposatzen duten arriskua baxua da, hauei lotutako mantenu arazoak saihesten direlarik.
Atzean duen komunitate zabalari esker, arazo baten aurrean irtenbidea bilatzea software propietarioarekin baino errazagoa bihurtzen da. Askotan, beharrezkoa izaten den laguntza hori aplikazioak garatu dituzten garatzaileetatik zuzenean jasotzen da; alegia, arazoaren muinarekin ematea askotan ez da gauza zaila izaten.