Gidak eta trikimailuak
Orri honetan OpenOfiice-en erabileran trebatzen joateko laguntza aurkituko duzu. Hemen ere bi atal nagusi aurkituko dituzu: lehenengoan ofimatikako aplikazioaren oinarrizko konfigurazioa aldatzeko edota balio erantsia emateko trikimailu eta egokitzapen ezberdinak aurkituko duzu.
Proposatzen diren aldaketa guztiak nahiko sinpleak dira aurrera eramaten. Batzuk besteak baino baliagarritasun edo garrantzia handiagoa dute beraz, oraingoan ikuspegi horren arabera sailkatu ditugu.
Ez ezinbestekoa
Interesgarria
Beharrezkoa
Azkenik, orriaren amaieran OpenOffice-en erabilera orokorraren inguruan aurkituta dokumentazio eta laguntza guneen modulua ikusiko duzu. Dokumentu hauekin batera oinarrizko erabilera azaltzen duten bestelako baliabideak ere aurkituko dituzue.
- Trikimailuak -
Txertatu clipart irudiak dokumentuetan: ziur aski askok jabetuko zineten OpenOffice-ek oso irudi gutxi dituela dokumentuetan txertatzeko. Egia esan, edozein motatako irudiak txertatzeko ez dago inongo arazorik baina gerta liteke, batez ere Haur eta Lehen Hezkuntzako hainbat irakasleek, faltan botatzea clipart motatako irudi gehiago. Goiko estekan 12337 irudi biltzen dituen 377Mb-eko zip fitxategi bat deskargatu ahal izango duzue. Irudi hauek OpenOffice-era gehitzeko jarraitu beharreko prozesua nahiko sinplea da (ingelesez, agian, azalpenak oraindik argiagoak dira). Irudi gehiago oraindik hemen.
Funtzioak Calc-en: baliteke Calc ez izatea irakasleok gehien erabiltzen dugun ofimatikako aplikazioa. Dena den, gehienok topatu gara, behin edo behin, kalkulu orri diseinatzeko egoera batean. Taula honetan Excel, Calc eta Google Docs-eko aplikazioetan erabilgarriak diren funtzio matematikoen sintaxia zein den adierazten zaigu, ingelesez baita erdarazko bertsioetan ere. Taularen azken zutabean, funtzio horietako bakoitzak burutzen duen kalkulu mota ere argitzen da. Baliagarria oso administrazio kontuetan aritzen diren langileentzat.
Cart'OOo: gehigarri honekin mota guztietako mapa bektorialak sortu daitezke, ikasleak gero nahi duen bezala pertsonalizatzeko aukera eskainiz. Hemen ikus daiteke adibide bat:
Bihurtu Draw diagramak egiteko aplikazio batean: goiko ataleko ildo beretik jarraituz, sare administrariak edota informatikariek faltan bota dezakete Visio bezalako tresna bat OpenOffice-en. Egia esan, asko dira webean topa daitezkeen antzeko aplikazioak. Dena den, nahiago badugu OpenOffice horrelako gauzetarako, aukera daukagu Draw Visioren antzeko tresna batean bihurtzea goiko loturan eskaintzen diren irudi eta formak gure ekipora jaitsi eta instalatu ondoren.
Gehigarriaren euskarazko bertsiorik ez dago baina, nahi izanez gero, erdarazko bertsioa ere instalatu ahal izango dugu. Gehigarriaren funtzionamendua azaltzen duen gida zabal eta interesgarri bat ere kontsulta daiteke.
Gehigarri gehiago proiektuaren orri nagusian.
Gehitu txantiloi berriak: diseinu zehatza duten dokumentuetarako oso ondo dago txantiloiak eskura izatea. Gune honetan mota guztietako txantiloiak topatu eta jaitsi ahal izango ditugu. Guretzat interesgarrienak hezkuntzarako bereziki diseinatutakoak izan daitezke. Azken hauen artean, adibidez, notak biltzeko plantilak aurkituko ditugu. Honekin lotuta, interesgarria izan daiteke irakasleok notak biltzeko espreski diseinatuta dagoen taula hau jaistea. Ukitu txiki batzuekin gure beharretara erraz egokitu daitekeen Calc orri bat da.
Ekuazio editorerako oinarrizko formulen sintaxia: badira OpenOffice-en ekuazio editorerarekin moldatzea kostatzen zaienak. Formula sinpleak egiteko zailtasun berezirik ez badu ere, formula konplexuak idazterakoan Microsoft Office-en editore bisuala tresna "intuitiboagoa" da Math-ek duenarekin alderatuta. Egon daitezkeen eragozpenak erraztu aldera, Aitor Sarriegik ematen duen taulan topatuko ditugun jarraibideak oso baliagarriak egingo zaizkigu. Ekuazio sistemen kasurako, hemen informazio gehiago.
OpenCards: gure artean oso erabiliak ez badira ere, estatu anglosaxoietan asko erabiltzen dira txartek didaktikoak hainbat kontzeptu jorratzerakoan. Flashcard izeneko txartel hauetan, kontzeptu jakin baten inguruko galderak planteatzen dira eta hauen atzean galdera hauen erantzunak ematen dira. Impress-erako gehigarri honen bitartez mota honetako txartelak sor ditzakegu modu errazean. Aurretik diseinatutako flashcard motatako txartelen biltegi bat ere eskaintzen dute.
Bibliografiaren kudeaketa Zoterorekin: ikasleek, euren lanak egiterakoan, erabiltzen dituzten erreferentzien kudeaketa modu egoki batean egitea irakaskuntzan zintzilik daukagun kontu bat da oraindik. Edozein lan ekoizterakoan, beste autore batzuen erreferentziak erabili direla aipatzea dokumentuaren amaieran, betidanik egin den gauza bat izan da. Baina interneten etorrerarekin, gure ikasleek euren iturriak adierazteko ohitura galdu egin da. Openoffice-erako gehigarri honekin (Firefox-erako ere existitzen da bertsio bat) dokumnetu bat prestatzeko erabili ditugun erreferentzia guztiak dokumentuaren amaieran erantsiko ditugu modu eroso batean. Prozesua nola burutzen den jakiteko gida interesgarri hau kontsultatu daiteke.
- Gidak -
[WEB] IMH - OpenOffice tutorialak: Elgoibarko Makina Erremintaren Institutuak bide luzea egina dauka software askearekin. Aspaldidanik hasi ziren aplikazio libreak erabiltzen euren egunerokotasunean. Haiek ere, gu bezala, hainbat formakuntza behar somatu zituzten euren irakaslen artean eta gurea bezalako laguntza eskaintzen hasi ziren. Peio Arreitunandiak eta Koro Gabiolak prestatutako materialen artean OpenOffice-erako laguntza topatuko duzue euskaraz, aurreko estekan eta baita beste honetan ere. (Eus)
[PDF] Diseinatu modu errazean zure aurkezpena Impressekin etaparteka ezazu Web 2.0 aplikazioak erabilita: OpenOffice.org-en Impress aurkezpenak egiteko aplikazioaren oinarrizko funtzionamendua azaltzen da. Instalazio prozesua azaltzen da (Windows bertsioaren instalazioa soilik azaltzen da), ondoren erabilerari lotutako hainbat aholkuak (kasu praktiko bat esplikatzen da) ere ematen dira eta azkenik, sortu dugu aurkezpena Slideshare edo Google Docs bezalako zerbitzuetara nola igo dezakegun ere esplikatzen da. Dokumentuan zehar sarean zintzilikatutako hainbat bideotutorial edo aurkezpen interaktiboetarako (Adobe Captivaterekin eginak daude) estekak (bat eta bi)ere ematen dira, idatziz azaldutako dagoena irudi bitartez ulertzeko.
[PDF] Educared - Tutoriales oficina: PDF formatuan jaitsi daitezkeen dokumentu mordoa biltzen dituen gunea. Writer eta Impress-en oinarriak ezagutzeko eskaintzen den laguntza oso modu argian adierazita dator, irudi askoz lagunduta. Dokumentu bakoitzak orri bat edo bi bakarrik ditu, azaldu beharrekoak azaltzeko ez da gehiago behar. Oso laguntza ona aplikazio hauekin hasiberria denarentzat. PDF guztiak dokumentu bakar batean elkartuz eta gero inprimatuz, eskura edukitzeko txosten polita sor dezakegu. (Gazt)
[PDF] OpenOffice.org 3 User Guides: OpenOffice.org webgune ofizialak eskuliburu mordoxka bat ditu PDF formatuan. Dokumentu hauek aurrekoak baina zabalagoak dira, modu sakonagoan jorratzen da atal bakoitza. Nahi izanez gero jaitsi dezakegu baita ere, beste dokumentu hau. Aurreko txosten solteetan azaltzen dena dokumentu bakarrean bilduta dator hemen. (Ing)