The Public Domain Manifesto euskaraz
Argitalpenaren data: Mar 11, 2010 9:58:1 AM
Ezagutzaren gizartean bizi omen gara, gizateriak ez du sekula izan hain eskura hainbeste informazio eta ezagutza, eta teknologia digitalari esker, informazio hori jaso, berrerabiltzeko eta birbanatzeko aukerak ikaragarri zabaldu dira. Aurreko batean esaten genuen moduan, "mashup"en aroan bizi gara. Egoera berri honek kolokan jarri du jabetzaren inguruko kontzeptu tradizionala eta horri lotutako lizentzia pribatiboen zentzua eta erabilera. Geroz eta gehiago dira, azken hamarkada hauetan ezagutza eta kulturaren hedapen libreari jarri zaizkien oztopo legalen aurka agertzen direnak, erakunde ofizaletan ekoizten diren eduki guztiak domeinu publikora ireki behar direla aldarrikatzen dutenak, kultura eta ezagutzarekiko irisgarritasuna denon eskubidea dela diotenak. Horiexek dira The Public Domain Manifesto izeneko dokumentuan topatuko dituzuen ideiak. Euskaldun anonimo bati zor diogu dokumentu hau euskaraturik egotea. Bertan, hainbat gauzen artean ondorengo oinarriak zehazten dira:Eskumen publikoa da araua, egile eskubideen babesa da salbuespena. Egile eskubideen babesa adierazpide originaletarako soilik ziurtatua denez, munduan zehar noiznahi sortutako datu, informazio eta ideia gehien-gehienak eskumen publikoari dagozkio. Babesgarri ez den informazioaz gain, eskumen publikoa urterik urte zabaltzen da, babes aldia amaitzen zaien obren bitartez. Babestua izateko baldintzapenak zorroztea, alde batetik, eta babes aldia mugatzea, bestetik, onuragarriak dira eskumen publiko osasungarri bat izan dezagun, eta guztiok kultura eta jakintza partekatua eskuratzerik izan dezagun.
Egile eskubideen babesak iraun behar du soilik nahitaezkoa den denbora, zentzuzko konpromiso batean bateragarri izan daitezen, alde batetik, egilearen babesa eta bere lan intelektualaren ordaina , eta, bestetik, kultura eta jakintza banatzearen onura publikoa. Ez egilearen ikuspegitik, ez onura publikoaren ikuspegitik, ez dago argudio sendorik (ez historiko, ekonomiko, sozial edo bestelakorik) egile eskubideen babes aldia ikaragarri luzea izateko. Egileak bere lan intelektualaren emaitzak jasotzeko gai izan behar duen arren, jendeari ezin zaio luzaroegi ukatu obrak era askean erabiltzearen onura.
Eskumen publikoan dagoena, eskumen publikoan gelditu behar da. Eskumen publikoan diren obren gaineko kontrola ezin daiteke lehengoratu, obraren erreprodukzio teknikoaren gaineko eskubide besterenezinak argudiatuz, edo babes gailu tekniko mugatzaileak erabiliz obraren erreprodukzioak eskuratu ahal izateko.
Eskumen publikoan den obra baten legezko erabiltzaileak aske izan behar du obra hori berrerabili, kopiatu edo aldatzeko. Obra bat eskumen publikoan egoteak ez du esan nahi, halabeharrez, publikoak eskuratzeko eran egon behar duenik. Eskumen publikoan den obra fisiko baten jabeek mugakizunak ezar ditzakete obra hori eskuratzeko. Alabaina, behin obra bat eskuratzeko bidea baimendua denean, ez litzateke lege mugakizun izan behar obra hori berrerabili, aldatu edo erreproduzitzeko.
Eskumen publikoko obrak eskuratu edo berrerabiltzeko mugakizunak ezartzen dituzten kontratuak edo babes neurri teknikoak ez dira aplikatu behar. Lan bat eskumen publikoan egoteak ziurtatzen du obra hori berrerabili, aldatu eta erreproduzitzeko eskubidea. Eskubide horren barne dira erabiltzaileen eskumenak, egile eskubideen gaineko salbuespen edo mugakizunetatik, eta gizalegezko erabileratik edo trataeratik sortuak; ziurtatu beharra dago eskumen horiek ere ez direla mugatzen kontratu edo teknologia bidez.
Dokumentua osorik hemen azpian uzten dizuegu: