Gaur egun naturaltasunez onartzen dugu, abesti disko bat, aplikazio informatiko bat edota bideojoko bat erosten dugunean ordaindu behar izatea produktu horrengatik. Gizartean nahiko barneratuta dago gainera, produktu horren jabetza intelektuala duen egileari, egindako lanaren truke bere egile eskubideak errespetatu behar zaizkiola eta, beste edozein patrimoniorekin gertatzen den bezala, ekoizpen horren truke diru bat ordaindu behar zaiola.
Baina sorkuntza kulturalen gainean egile eskubideek ezartzen dituzten murrizketak ez dira betidanik existitu. Antzinan, egileek sortzen zituzten lanak gizarte osoan modu librean banatu eta asimilatzen ziren. Sortzaileen ekoizpenak domeinu publikokoak izaten ziren eta askatasun osoa zegoen lan hori banatu edo berrerabiltzeko. Iparragirreren abestiak, adibidez, ahoz-aho transmititzen ziren, edonork kanta zitzakeen abesti horiek nahi zuen lekuan, partiturak eskuratu eta banatzea zilegia zen. Denboran gertuago, gauza bera gertatzen zen bertsolarien lanekin; duela hamarkada gutxi batzurarte bertsolarien lanak domeinu publikokoak ziren, egile eskubide eta copyrightik gabekoak. Autoreen baimenik gabe erabil zitezkeen euren bertsoak aldizkarietan, adibidez. Edonork kanta zitzakeen Txirritaren bertsoak edozein jaialdi edo festetan (pentsa noraino aldatu diren gauzak gaur egun). Artista hauen ospea eta arrakasta zuzeneko emanaldietan irabazten zen zerbait zen.Egile eskubideak eta copyrighta teknologiaren garapenari lotuta etorri dira. Izan ere, teknologiari esker, zuzenean, modu presentzialean eta ahoz-ahoko transmisio zuzen baten bitartez soilik transmititzen ziren espresio artistiko gehienak, euskarri fisiko batean gorde ahal izan dira. Sorkuntza kultural hauen erreplikazio eta zabalkunde masiboa posible izan denean, produktua sortu eta saldu behar zutenen (gehienetan zerikusirik ez zeukatenak artistarekin) interesak babesteko sortu ziren. Egile eskubidearen beharra justifikatzeko argudio asko eman badira ere (kreatibitatea babestu, kalitatea bermatu...), ikuspegi merkantilista hutsetik bultzatutako "eskubidea" da. Horrela, kultura "objektu" bihurtu zenetik, gizarte osoaren ondarea zena, industriaren hatzaparretan ondo helduta geratu den produktu pribatu bat izatera pasatu da.
Badago iritzi korronte bat hainbat erakundeen aldetik copyrightaren beharra aldarrikatzen dutenak. Euren jarrera justifikatzeko sortzaileari zor zaion babesa aipatzen da askotan; kreatibotasuna mantentzeko, sortze lanak eskatzen duen esfortzu eta dedikazioak konpentsazio bat izateko, ekoizpenaren kalitatea bermatzeko... Antzeko argudioak erabiltzen dira, baita ere, software ekoizpenen copyrighta justifikatzeko.Arrazoi horiek guztiak hankaz gora jartzeko modu asko daude. Izan ere, badira beste sortze-esparru batzuk, beste industri sektore batzuk, non horrelakorik existitzen ez diren eta egileekiko errekonozimendua ez zapaltzeaz gain, negozio eredu arrakastatsuak direla egiazta daiteke. Euskal-Herrian duen pisu espezikoarengatik bereziki aipagarria iruditzen zait sukaldaritza munduaren adibidea. Softwaregintzaren munduarekiko paralelismo ugari dituela iruditzen zait.
Bitxia da.
Euskal-Herria sukaldaritzaren abangoardian dagoela kontsideratzen da ia mundu osoan.
Gure sukaldariak mundu mailako rankingetan postu gorenetan kokatzen dituzte.
Gure errezetak mundu osoan zehar zabaldu dira.
Egoera ekonomiko bikaina duen industri sektorea da eta etorkizun oparoagoa izango duela aurreikusten da.
Kalitatezko produktua egiten da eta atzerrira esportatzen dugu.
Eta guzti hau gertatu da COPYRIGHT, EGILE ESKUBIDE eta PATENTE beharrik izan gabe!