Hasiera

2009-2010 ikasturtea berezia izan da gure ikastolan. Urte biren bueltan, ikastolan erabiltzen dugun software ia guztia librea izatea pasa gara.

Eman dugun urratsa ez da nolanahikoa izan, ikasle eta irakasleok bizi dugun egunerokotasunean eragin handia izan duen erabaki bat izan da. Aurretik egin den informazio eta kontzientziazio lana garrantzitsua izan bada ere, ezinezkoa da egoera berri honek ekarriko dituen gorabehera guztiak aintzat hartu eta aurretik lotuta izatea.

Gidatzen kotxea hartuta ikasten den bezala, software berria erabiltzen eta praktikatzen ikasten da. Eta orduantxe sortzen zaizkigu galdera, kezka eta laguntza behar nagusienak. Tira ba, txoko berri honek horiei guztiei erantzuna ematea du helburu, hasi berri dugun ibilbide honetan topatuko ditugun oztopoak gainditzen laguntzeko.

Ez da hori, baina, helburu bakarra. Badago beste bat, hain nabarmena ez dena agian, baina aurrekoa bezain garrantzitsua dena. Software askearen komunitatea eredugarria zerbaitetan baldin bada, hori erabiltzaileen artean dagoen lankidetza eta elkarlanarengatik da. Izpiritu hori ere gurera ekartzea nahiko genuke.

XXI. mendeak bere lehen hamarkada bete berri duen garai honetan, ikaskuntza norabide bakarrean gertatzen dela azaltzen duten teoriak atzean geratu dira. Gaur egun ikaskuntza zerbait soziala bezala ulertzen da, dialogikoa, denok denongandik ikasten dugu. Parekoen arteko eztabaidak, argudioen kontrastea, galde/erantzunak... ezagutza taldean eraikitzen laguntzen dute. Ikaskuntza eredu berri hau oraindik gehiago nabarmendu da teknologia berrien garapena eta interneten gertatu den iraultzarekin, batez ere.

Txoko honek denon eskura ipintzen ditu oinarrizko azpiegitura, komunikaziorako ingurunea, eztabaida eta argudioen hartu-emanetarako lekua baina badago zerbait zure esku bakarrik dagoena. Talde bezala ikasten joateko eta beharrezko heldutasun eta alfabetizazio digitala lortzeko, zure partaidetza behar-beharrezkoa da. Zure lankidetza eta partaidetza taldearen mesederako izango dela sinistuz bakarrik beteko du gune honek bere helburua. Zure esku dago, beraz, txoko honek ibilbide luzea izatea edota gauerdiko ahuntzaren eztularen parekoan bihurtzea.

Gunearen egitura oso sinplea da, nabigatzeko erraza. "Breadcrumb" izeneko lasterbide batzuen bitartez aurrera eta atzera egitea oso gauza erraza da.

Zure ekarpenei esker, gune hau etengabe eguneratzen joango dela ziur gaude. Jaso itzazu eguneraketa guztiak zure posta helbidean modu automatikoan.

Edozein galdera, kezka, zalantza edo ekarpen duzula, partekatu guztiokin. Laguntza gune honek eskainiko digun laguntza zure esku ere badago. Parte hartu!

HARREMANETARAKO Edozein galdera edo iradokizun egiteko egizu klik ezkerreko irudian.

Jokin Lacalle Usabiaga Jakintza ikastola Ordizia, 2010