Firefox
Teklatu bitarteko lasterbideak Firefoxerako
Irudipena daukat gutako gehienok teklatua testua txertatzeko, idatziak ekoizteko soilik erabiltzen dugula. Aplikazioak abiatu, leihoak kudeatu, menuetan zehar nabigatu... nahi dugunean zuzenean sagura jotzen dugu. Ez daukagu ohitura handirik teklatu bitarteko lasterbideak erabiltzeko sistemari lotutako bestelako funtzioak kudeatzerakoan. Eta pena da, izan ere, denbora asko aurrezten da lasterbide hauek erabiliz. Zenbatetan burutzen ditugu, adibidez, testu hautaketa bat eta ondoren kopiatu/moztu/itsatsi aukerak? Bada horrelakoetan Ctrl+A, Ctrl+C, Ctrl+X eta Ctrl+V, hurrenez hurren, erabiltzea aholkatzen dizuet. Ohitura pixka bat hartzen duzuenean ikusiko duzue horrekin bakarrik zenbat denbora irabaziko duzuen. Dena den, ekarpen txiki honen helburua ez da Ubuntun agertzen diren lasterbide guztien zerrenda bat egitea. Oraingoan Firefoxen oinarrituko gara bakarrik, konkretuki, fitxen kudeaketa errazteko hainbat lasterbide aurkeztu nahi dizkizuegu eskuinean agertzen den koadroan. Horietako batzuen erabilera dagoeneko iksu dezakezue duela aste batzuk grabatu genuen bideotutorial honetan. Beste batzuk, aldiz, berriak dira. Erabiltzea gomendatzen dizuegu, konturatuko zarete nabigatzailean egindako orduak emankorragoak izango direla. Ni bezala, ohitura baldin badaukazu fitxa asko irekita edukitzeko (kontuz horrelakoetan RAM memoriarekin) eta modu eraginkorragoan kudeatzea nahi baduzu hementxe dituzu, aurrekoarekin batera, beste hainbat aholku, gehigarri eta trikimailu. Baliagarriak izango zaizkizulakoan. |
Nola euskaratu Mozilla Firefox
"Jakina da, Firefox, euskaraz deskarga dezakegula hainbat sistema eragiletarako, baina demagun Firefox jada beste hizkuntza batean instalatuta dugula eta egin gura dugun gauza bakarra interfazea euskaratzea dela. Zelan egin?" Agian zuetako norbait Mikel Iturbek bere blogean azaltzen duen egoera honen aurrean topatu zarete. Hala bada, Mikelek ematen dituen jarraibideekin ez duzue arazorik izango Firefox euskaraz behar bezala konfiguratzeko. |
Firefoxek 5 urte bete ditu
2004ko azaroaren 9an kaleratu zen lehenengoz Firefox nabigatzailearen lehenengo bertsioa. Bost urte pasa dira dagoeneko eta hartz gorriaren nabigatzailea erreferente nagusia bilakatu da nabigatzaileen lehian. 2004an Internet Explorer munduko ordenagailu guztien %95 erabiltzen bazen, gaur egun kopuru hori %64,6 jaitsi da, neurri handi batean Firefoxen eraginaren ondorioz (une honetan %24,11ko erabilera tasa du Firefoxek). Beste datu batzuen arabera, une honetan Firefox IE6 bertsioa baino gehiago erabiltzen da eta bere hazkuntza IE8 jasaten ari dena baina nabarmenagoa da. Esan daiteke erabiltzaile arrunten artean, Firefox bilakatu dela nabigatzaile nagusiena bezala, Internet Explorer-ek oraindik bezero asko mantentzen baditu ere mundu korporatiboan. Ziurrenik Firefox izango da software askerik ospetsuena informatikaren munduan. Zorionak emateko moduko arrazoiak dira hauek guztiak, zalantza izpirik gabe. Informazio gehiago: Celebrating Five Years of Firefox! |
1-3 of 3