Zer da GNU/Linux?

Sistema eragile bat daEuskal Wikipedian irakur daitekeen moduan, sistema eragile batek gailu jakin baten zati fisikoa (hardwarea) alderdi logikoarekin (softwarea) harremanetan jartzen ditu. Alegia, makina batek burutu behar dituen zereginak modu koordinatu eta antolatu batean kudeatzeko beharrezkoa den programa edo programa multzoa da.

Adibide sinple bat jartzearren, makina baten hardwarea giza gorputzarekin alderatuko bagenu (prozesadorea=bihotza, plaka nagusia=barne organoak eta zainak, periferikoak=beso eta hankak) softwarea zereginak burutzeko gaitasun edo ahalmenarekin lotu ahal izango genuke (musika erreproduzitu, inprimatu, testua idatzi...=ibili, arnastu, irakurri...). Gizakiok gure gaitasun eta ahalmenak ekintzetan bihurtu ahal izateko garbi dago ez dela nahikoa gorputz bat izatea. Derrigorrezkoa da gure anatomiaren atal ezberdinak behar bezala konektatu, erlazionatu eta kudeatuko dituen "kontrol gune" bat izatea. Gure kasuan zeregin hori burmuinak burutzen duen bezala, ordenagailu baten hardwareari etekina ateratzeko derrigorrezkoa da sistema eragilea. Garunik gabe giza gorputza ehun eta hezur multzo bat besterik ez den bezala, sistema eragilerik gabeko gailu bat burdin eta plastiko multzo bat besterik ez da.

Sistema eragilea ez da bakarrik ordenagailuetan erabiltzen. Oro har, prozesadore bat erabiltzen duten gailu guztiek (telefono mugikorrek, GPS nabigatzaileek, segurtasun kopiak egiteko sistema batzuk, organo elektronikoek...) sistema eragilea behar izaten dute gailu hori "bizirik" eduki nahi badugu behintzat. Horrela, GNU/Linux sistema eragilea mugikorretan erabiltzen den Android sistema eragilearen jatorrian da, GPSetan erabiltzen den Navit sistema eragilearekin gertatzen den bezalaxe (Alemaniako poliziak, adibidez, laster erabiltzen hasiko duena).

Azkenik, askotan nahasten dugun ideia bat azaldu nahiko genuke: GNU/Linux ez da nahastu behar gainontzeko software librearekin. Irakasle eta ikasle askok uste dut Openoffice edo Firefox erabiltzea "Linux erabiltzea dela" eta ez da horrela. Gauza bat da esistema eragilea eta bestea aplikazioak. Aurreko biak, adibidez, beste edozein sistema eragiletan (Windows zein MacOS) erabil daitezke edota GNU/Linux erabilita ere, aukera daukagu Abiword edo Chrome erabiltzea ofimatika pakete eta nabigatzaile bezala, hurrenez hurren.

Software askea da

GNU/Linux sistema eragilea software askea da, beraz, eskuartean duen erabiltzaile orok lau askatasunak bermatuta ditu. Ez da multzo honetan sar daitekeen sistema eragile bakarra (hor daude OpenBSD, OpenSolaris...) baina askeak diren aukera guztien artean garrantzitsuena dela esan daiteke. Erabilera pertsonalerako gehien erabiltzen den sistema eragilea Windows da, jarraian MacOS eta azkenik GNU/Linux datozelarik. Zerbitzarien merkatuan, berriz, GNU/Linux da gehien erabiltzen den sistema eragilea.

Hobe GNU/Linux, soilik Linux baino

Sistema eragile hau aipatzerakoan gehienok Linux izena erabiltzeko ohitura izaten dugu. Baina, gauzak diren bezala, deitura hori ez da erabat egokia eta GNU fundazioko kideei ez die grazia handirik egiten horrelakoak entzutea.

Izan ere, Richard Stallman izan zen lehena software askean oinarritutako sistema eragile bat diseinatzen hasi zena. 1983an Massachusetts-eko Teknologia Institutuan (MIT) zuen lana utzi eta sistema eragile aske bat sortzeko lanari ekin zion, aldi berean GNU fundazioari hasiera emanez. Urte ugari egin zituen lan horretan, bitarteko ugari sortu ere. 1991an bere lana ia bukatuta zuen. Zati garrantzitsuenaren garapenarekin amaitzea falta zitzaion, ordea; sistema eragilearen nukleoa edo kernela. Bera GNU Hurd izeneko nukleoan lanean ari zen bitartean Linus Torvalds informatikari finlandiarra Linux izeneko nukleo berri baten garapenaren lehen urratsetan murgilduta zebilen. Linux garai hartan oso ezaguna zen Unix sisteman oinarrituta zegoen eta Stallmanek garatutako sistema eragile berriarekin bateragarria zenez, biak proiektu bakar batean uztartzea erabaki zuen Stallmanek. Sistema berria bere osotasunean funtzionatzeko biek egindako lana beharrezkoa zen. Hori dela eta, sistema eragile berriari GNU/Linux izena jarri zitzaion eta horixe da, zalantzarik gabe, sistema izendatzeko modurik egokiena.

Shell-etik leiho bitarteko kudeaketara

Windows 1.0 lehen bertsioa 1985en kaleratu zen. Bertsio horretan lehenengoz agertu ziren oinarrizko aplikazioak kudeatzeko, eta gerora hain ospetsuak egin ziren, leihoak. Dena den, lehenengo leiho haiek, azken finean, programak exekutatzeko interfaze bisualak besterik ez ziren, alegia, programak konfiguratu, aldatu, akatsak zuzendu, abiarazi.... dena komandoen bitartez burutu beharra zegoen. Komando multzo hori MS-DOS izeneko sistema eragilearen barruan agertzen zen eta, askok gogoratuko duzuen moduan, komando hauek exekutatzeko pantaila beltz batera egin behar izaten genuen salto; pantaila horri Shell, CLI (Command Line Interface) edo Terminala deitzen zaio (OHARRA: hiru kontzeptuak ez dira gauza bera baina askotan testu bitarteko komandoak idazteko inguruneari deitzeko erabiltzen dira hiruak) Sei urte besterik ez ziren pasa Microsoft-ek bere Windows 3.0 bertsioa kaleratu arte. 1991. urteko bertsio honetatik aurrera Windows sistemaren gaineko akzio gehienen kudeaketa leihoetan oinarritutako interfazeen eskutik nagusitasuna hartzen joan zen. Horrela, komandoetan oinarritutako kudeaketa konplexua zuen sistema hura, oinarrizko ezagutza zuen edonork kudeatzeko sistema eragile sinple eta erraz batean bilakatu zen. Horrek Microsoften sistemaren bilakaera ikaragarria zergatik gertatu zen ulertzeko arrazoi nagusienetako bat da.Aurrean esan bezala, GNU/Linux sistemaren sorrera 1991an gauzatu zela esan daiteke, Microsoftek 3.0 bertsioa kaleratu zuen urte berean, hain zuzen ere. Lehenengoak oraindik shell-aren beharra zuen bitartean sistemaren konfigurazioan eskua sartu ahal izateko, bigarrenak dagoeneko leiho bitarteko kudeaketan hobekuntzak txertatzen hasita zegoen. Erabiltzaile arrunt batentzat GNU/Linux sistema batean eskua sartzea gauza oso konplexua zen bitartean, Windows ingurune baten kudeaketa askoz ere errazagoa zen. Horrela, urteak joan urteak etorri, Windows-en erabilera orokortzen eta zabaltzen joan zen bitartean (etxeko ordenagailuen ia %100ean presentzia izan arte) GNU/Linux sistema informatikari trebatu edo "geek"-ei bereziki zuzendutako sistema batekin erlazionatu zen, zailegia eta konplexuegia ordenagailua eguneroko lan sinpleak egin nahi dituen erabiltzaile arrunt batentzat. Eta tamalez, ideia hori gaurdaino hedatu da, nahiz eta gaur egungo GNU/Linuxean oinarritutako sistema eragile nagusiek interfaze grafiko sinple baten bitartez kudeatzeko aukera eskaini.

Izan ere, aurrerapauso handiak eman dira azken urteotan atal honetan. GNU/Linux sistema gehienak dagoeneko interfaze grafiko batetik kudea daitezke oso-osorik, komando edo testu lerro bakar bat ere idatzi beharrik izan gabe. Gauza jakina da gainera usagarritasun eta erabilerraztasunaren ikuspegitik, GNU/Linux sistemak beste batzuk baino hobe (Windows baino hobe, dudarik gabe) diseinatuta daudela, erabiltzailearen egokitzapena ingurune berri horietara oso gauza sinplea bihurtzen delarik (ikusi besterik ez dago zeinen azkar ohitzen dire ikasle gazteenak ingurune berri horietara). Gehiago oraindik, badirudi Windowsen azken bertsioaren (Windows 7) GNU/Linux sistemetan oso arrakastatsua den KDE ingurune grafikotik ideia ugari hartu dituela.

Beraz, gaur egun GNU/Linux erabiltzea gauza konplikatua dela esatea ezin da aitzakia bezala erabili sistema hau baztertzekorakoan, ikasle gaztetxoenetik hasita irakasle helduenera egiaztatuta baitago ingurune berrira egokitzea benetan eroso egiten zaiela.

Sistema eragile bakarra, banaketa ugari

Hasieran GNU/Linux instalazio bat burutzerakoan, ordenagailuan sistema eragilearen oinarrizko aplikazioak soilik instalatzen ziren. Alegia, ordenagailua abairazteko eta martxan ipintzeko kontrol gunea besterik ez zen instalatzen. Ekipoari etekina atera edo bestelako lanen ekoizpenarekin hasteko derrigorrezkoa zen bestelako aplikazioak banan bana instalatzea (gaur egun Windows-ekin gertatzen den modura, adibidez). Lehen garai hartan aplikazio instalatzeko prozedura zertxobait konplikatua izaten zen: iturri kodea eskuratu, konpilatu eta ondoren instalazio prozesua abiatu behar izaten zen.Prozesu hau guztia sinplifikatzearren, oinarrizko sistema eragilearekin batera aplikazio bilduma osagarriak txertatu ziren guztiak sistema eragilearen instalazio prozesuan modu automatikoan instalatuta geratzen zirelarik. Hauetako bilduma bakoitzari banaketa edo distro izena ematen zaio. Azken erabiltzailearen profil pertsonala nahiz profesionala kontutan harturik, banaketa hauetako bakoitzak aplikazio tipologia desberdina izaten du. Horrela, badago Ubuntu izeneko banaketa bat, adibidez, hezkuntza munduan erabiltzeko bereziki prestatuta dagoena. Honek Edubuntu izen berezia hartzen du eta instalazio prozesua amaitzen denean, automatikoki instalatuta agertzen zaizkigun gure ikasleekin, eskola arlo desberdinetan oso erabilgarriak izan daitezkeen aplikazio espezifikoak.Banaketa hauen gaineko jarraipena (garapena, mantenua eta laguntza teknikoa) modu desberdinetan egiten da.

Interfaze bisual desberdinak, sistema eragile bakar batentzat

Sistema eragilearen oinarrizko kudeaketa gauzatzeko erabiltzen den ingurune grafikoari, erabiltzailearen interfaze grafikoa (GUI) izena ematen zaio. Gaur egungo sistema eragile gehienek dute oinarrizko interfaze grafiko bat; erakusle bat (punteroa), lehioak kudeatzeko oinarrizko botoiak (Windows Xp-ren leihoak isteko botoi gorria, gehi minimizatzeko eta leheneratzeko botoi urdin biak, adibidez), leiho eta menuen egitura eta antolaketa zehatz eta konkretu bat, ikonoak, letra motak... Elementu bisual guzti hauek biltzen dituen interfazeei izen konkretuak ipintzen zaizkie. Hala nola, Windows 7 azken bertsioaren interfaze grafikoak Aero izena hartzen du eta MacOS sistemarena, aldiz, Aqua.GNU/Linux sistema eragileak GUI desberdin ugari ditu. Sistema eragile bakarra bada ere, honen kudeaketa grafikoa ingurune desberdinak erabiliz egin daiteke; GNOME, KDE, XFCE, Fluxbox,... Denen artean gehien erabiltzen direnak lehenengo biak dira, GNOME eta KDE. Horrela, gerta liteke GNU/Linux banaketa jakin bat bi ingurune grafiko desberdinetatik kudeatu ahal izatea. Horixe da gertatzen dena, adibidez, Ubunturekin. Badago banaketa bat GNOME idazmahaiarekin erabil daitekeena (Ubuntu bera) eta beste bat KDE idazmahaiarekin funtzionatzen duena (Kubuntu izena duena).GNOME idazmahaia nahiago duten erabiltzaileak ugariak dira KDEren aldekoak bezala. Horrela, etengabekoak dira bata eta besteen arteko tirabirak, bietatik zein den aukera hobea argudiatzea tokatzen denean batez ere. Gure kasuan, ikastolan burutu dugun migrazioari heldu aurretik, bi aukerak probatu genituen, hau da, bai Ubuntu baita Kubuntu bera ere. Aste batzuk egin genituen biak probatzen eta azkenean GNOMErekin geratzea erabaki genuen. Itxura bisuala ez da KDErena bezain "modernoa" ziurrenik baina GNU/Linuxekin lehen urratsak eman behar dituen erabiltzaile batentzat errazena eta intuitiboena dela iruditu zitzaigun. Hori dela eta, egin genuen Ubunturen aldeko apustua. EHUko ekipoetan, berriz, badakigu Kubunturen aldeko apustua egin dutela. Tira, itxura baina harago, garrantzitsuena da han eta hemen (eta geroz eta leku gehiagotan, noski) software askearen aldeko apustu garbia egin dugula.