Zer dira Creative Commons lizentziak?

"Mashup"-aren aroan bizi gara

Gizarte eta teknologia mailan gertatutako aurrerapenen ondorioz geroz eta gizateriaren zati handiago batek dauka aukera edozein motatako lanak (arte-lanak, zientzia arloko edukiak, hezkuntza baliabide eta materialak, softwarea, artikuluak...azken finean, modu digitalean aurkeztu daitekeen edozein eduki) modu errazean eskuratu, sortu, aldatu, argitaratu eta banatzeko. Modu batean edo bestean denok bihurtu gara sortzaileak eta, nahiz eta kasu askotan horrelakorik aitortu ez, gure sorkuntza guztiek beti daukate euren jatorria beste sortzaile batzuek eskainitako eduki eta ekarpenetan, gure ezagutza eraikitzeko esperientzia pertsonalak balio handia badu ere, ezagutza hori beste informazio iturrietan duelako jatorria beti. Horrela izan da beti (zientziaren garapena da horren eredu garbienetako bat), horrela da orain eta horrela izango da beti.

Bizitza modernoak aldaketa esanguratsuak ekarri ditu ezagutzaren hartu-eman horretan. Teknologia digitalak gure sormen pertsonalen jatorrian dauden informazio eta ezagutza iturrien eskuratzea ikaragarri erraztu du, sormen hauen argitaratze eta banatze prozesuak sinplifikatu dituen modu berean. Horrela, jatorrizko edukien berrerabilpena eduki berriak sortzeko, zerbait arrunta eta masiboa bilakatu da. Hemen adibide batzuk:

Goiko adibide horiek garbi azaltzen dute XXI. mendean edukien berrerabilpena eta berrantolaketan oinarritutako sormen berrien kultura nahiko hedatua dagoela gizarte esparru guztietan baina, batez ere, gazteen artean. "Mashup"-aren kultura bizi dugula diote batzuk. Edukien sortze, berrerabiltze eta banatzearen filosofia berriaren inguruan mugimendu sozial eta kultural berria sortu da eta horrelako gehienekin gertatzen den bezala, kolokan jarri dituzte gizartean orduraino indarrean dauden hainbat lege eta arau moral asko. Horixe da gertatzen ari dena orain, hain zuzen ere, egile eskubide eta Copyrightarekin, adibidez.

Izan ere, gaur egungo legearen arabera, sortzaileen eskubideak babesteko aitzakiarekin, Copyrightak ez du aukerarik ematen egile baten lana bere baimenik gabe beste inon erabiltzeko, kopiatzeko edo berrerabiltzeko. Horrela aurreko adibideetan aipatzen diren bezalako lan eratorriak sortzeko, derrigorrezkoa da egileari zuzenean baimena eskatzea. Horrela kontraesan handiak gertatzen dira, adibidez, irakasle bati diru publikoekin sortutako eduki batzuk berrerabiltzea debekatzen zaionean hauek Copyrighta dutelako. Irakasle batek bolondreski eta onura ekonomikorik izateko asmorik gabe, eduki publiko batzuk osatu eta hobetzen dituenean, jatorrizko lanari balio erantsia eskainiz eta, era berean, hauen hedapena eta erabilera beste medio desberdin batzuetatik areagotuz, egile eskubideen babesa eta Copyrightaren defentsa aitzakia bezala jartzea kontraesan galanta dela agerian uzten du.

Zergatik dira beharrezkoak Creative Commons lizentziak?

Copyrightak, beraz, oztopoak besterik ez dio jartzen gizartean geroz eta errotuago dagoen partekatzearen izpirituari. Copyrightaren ondorioz sortzaileak "batzuk" bakarrik izan daitezke eta horrek goran aipatutako izpiritu kultural berriarekin talka egiten du. Garai bateko sortzaile/kontsumitzaile lotura tradizional hori erabat aldatu da gaur egun. Herrialde anglosaxoietan "prosumer" (producer/consumer) hitza erabiltzen dute herritarrok kultura eta ezagutzarekin gordetzen dugun harreman mota berria azaltzeko. Errealitate berri honen aurrean Copyrighta bezalako lizentzia murritzaileek ez dute inongo zentzurik. Copyright-aren beste muturrean dago Copyleft-a. Honen arabera jatorrizko lanari eta honen lan eratorri guztiei ezin zaie inongo murrizketarik ipini. Copyleft lizentziak espreski mugatzen ditu lan eratorriarekin irabazi ekonomikoak izateko aukera baita egilearen aitortza egiteko beharra ere, adibidez. Muturrean dauden bi lizentzia hauen artean egon zitezkeen egoera desberdinei irtenbide bat eman nahian sortu ziren Creative Commons lizentziak. Hauen bitartez sortzaileak bere lana berrerabiltzeko baimena onartzen du baina berak erabakitzen du lan hori jaso edo berrerabili nahi dituenak zein erabilpen baldintza errespetatu beharko dituen. Lizentzia hauen funtsa ulertzeko egokiena eskuineko bideoa arretaz jarraitzea izango duzu.OHARRA: bideoa ingelesez baldin badago ere, azpitituluak erdaraz daudela ikusiko duzue.

Zer da Creative Commons lizentzia bat?

Egia esan, Creative Commons ez da lizentzia "bat". Atributu edo ezaugarri desberdinak konbinatuz, lor daitezkeen lizentzia "multzo bat" da modu egokiago batean esanda. Aintzat hartzen diren lau atributuak hauexek dira (Iturria: Euskal Wikipedia)

Horrela, lau atributu hauek modu desberdinean konbinatuz sei Creative Commons lizentzia desberdin defini daitezke.

Aitortucc by Lizentzia honek baimena ematen du lan bat kopiatu, banatu eta jendaurrean hedatzeko baita honen lan eratorriak (helburu komertzialekin edo gabe) egiteko ere. Eskubide hauek eskuratzeko derrigorrezkoa da lanaren kredituak aitortzea, egileak edo baimendunak zehaztutako eran. Hauxe da murrizketa gutxien zehazten dituen CC lizentzia.

Aitortu - Partekatu berdincc by-sa Beste honi esker aurrekoaren eskubide berdinak eskuratzen dira baina baldintza estuagoak zehazten ditu: lanaren kredituak aitortzeaz gain, obra hau itxuraldatu edo bestelakotzen bada lan eratorri bat sortzeko, emaitza hori banatzerik izango da soilik baimen berberaz, antzeko baimen batez, edo harekin bateragarria den baimen batez. Lizentzia hau askotan kode irekiko softwarearen lizentziekin parekatzen da. Lan baten eratorritako guztiek jatorrizkoaren lizentziaren berbera izango dute, beraz, erabilera komertziala ere baimentzen da.

Aitortu - Lan Eratorririk Gabecc by-nd Lizentzia honen bitartez distribuzioa edo banaketa baimentzen da (kopiatu, banatu eta jendaurrean aurkeztu, irabazi-asmorekin nahiz gabe) baina ez da onartzen jatorrizko lana eraldatzea ezta lan eratorririk sortzea ere. Gainera lanaren aitortza egitea derrigorrezkoa da. Dena den, eratorritako lanen lizentziak desberdinak izan daitezke, horietan onura ekonomikoa ez dagoen bitartean.

Aitortu - Ez Komertzialacc by-nc Kasu honetan lehenengoaren (cc by) eskubide eta betebehar berdinak zehazten dira baina murriztapen gehigarri bat eransten da: ezin da lan hau merkataritza xedetarako erabili.

Aitortu - Ez Komertziala - Partekatu Berdincc by-nc-sa Lizentzia honek lana partekatu eta jendaurrean hedatzeko eskubidea ematen du baita lan eratorriak sortzeko ere. Horretarako derrigorrezkoa da lanaren kredituak aitortzea. Gainera ezin da lan hau (ezta bere eratorriak ere) merkataritza xedeetarako erabili. Azkenik, lan hau aldatzen bada, edo lan eratorri bat sortzen bada, sortutako lana  baimen honen berdin-berdina den beste batekin soilik banatu ahal izango da.

Aitortu - Ez Komertziala - Lan Eratorririk Gabecc by-nc-nd Hauxe da murrizketa gehien zehazten dituen lizentzia mota. Lanaren distribuzioa onartzen da baina kredituak aitortzeaz gain ez da onartzen aldaketarik edo lan eratorririk jatorrizko lanaren gainean eta gainera, ezin da lan hau merkataritza xedeetarako erabili. Lizentzia hau Copyrightetik gertuen dagoena da eta askotan "dohaineko publizitatea" egiteko zehazten dela kontsideratzen da, izan ere, egileri aitortza eginez soilik bana daiteke lan hori.

Lizentzia hauei esker Copyright eta Copyleftaren artean egon zitezkeen kasu bereziak lotuta geratzen dira. Azpian daukazue primeran azalduta:

Creative Commons hezkuntzan

Jabetza intelektuala, kanonak, egilea eskubideak, lizentziak, patenteak... gai korapilatsua dudarik gabe. Horren adibide garbia da, adibidez, azken egun hauetan gobernu espainolak bultzatu duen lege berri batek sortu duen iskanbila sarean. Badira Creative Commons lizentziek jabetza intelektualaren inguruan dagoen arazoa konpontzen ez dutela diotenak. Interesgarria, adibidez, David De Ugartek egiten duen analisia:

"Si no existe posibilidad de exclusión, si algo no puedo evitar que sea utilizado por otros, no existe propiedad."

Beraz, ezagutzaren gainean jabetzak zehazteak zentzurik ez daukala dio Davidek. Ez da bakarra Creative Commons lizentziak begi onez ikusten ez dituena. Badira iritzi gehiago lizentzia mota hauen aurka, Richard Stallman berarena barne.

Belaunaldi asko egin ditugu ezagutza objektu bat balitz bezala kontsideratzen, propietate partikular bat izango balitz bezala kontsideratzen, partekatzeko izpirituari langak ipintzen, bat-batean ohitura guzti horiek aldatzeko. Horregatik, copyright-copyleft dikotomiaren barruan malgutasun puntu bat ipintzea zerbait positiboa izan daiteke. Horixe izan daiteke lizentzia hauen ekarpenik interesgarriena.

Betidanik kontsideratu izan dira eskola eta unibertsitatea ezagutzaren tenpluak eta harrigarria bada ere, askotan normala kontsideratu izan da ezagutza hori giltzapean gordeta, ezagutzaren partekatzeari murrizten handiak ipintzen dituzten lizentziei lotuta. Creative Commons lizentzia hauei esker hainbat eskola erakundeen ateak irekitzen hasi dira, hezkuntza baliabide irekien sorkuntza poliki-poliki zabaltzen joan delarik. Hezkuntza irekiaren mugimendua indartzen doa pixkanaka eta zabalkunde horretan Creative Commons lizentziek leku garrantzitsu bat izan dute. Ziurrenik ezagutzaren partekatze prozesuan beste lizentzia mota batzuk egokiagoak izango dira baina gizarte mailan partekatzearen kultura zabaltzen doan bitartean, mentalitatea aldatzen doan bitartean garrantzitsua da eskola komunitateko kideontzat Creatice Commons lizentziak erabiltzeko aukera izatea.

Ikasle nahiz irakasleok gure lanak partekatu nahi ditugunean Creative Commons lizentziekin, komenigarria izan daiteke Tiscar Lara irakasleak ekoiztutako aurkezpen honetan (bere blogan idatzitako artikulu baten laburpena da) ematen dituen jarraibideak kontutan hartzea edota Rolando Coto irakasleak prestatutako arrazoiak aintzat hartzea.

Presentación de Google