Teklatu bitarteko lasterbideak Firefoxerako

Argitalpenaren data: Mar 11, 2010 8:57:9 AM

Irudipena daukat gutako gehienok teklatua testua txertatzeko, idatziak ekoizteko soilik erabiltzen dugula. Aplikazioak abiatu, leihoak kudeatu, menuetan zehar nabigatu... nahi dugunean zuzenean sagura jotzen dugu. Ez daukagu ohitura handirik teklatu bitarteko lasterbideak erabiltzeko sistemari lotutako bestelako funtzioak kudeatzerakoan. Eta pena da, izan ere, denbora asko aurrezten da lasterbide hauek erabiliz. Zenbatetan burutzen ditugu, adibidez, testu hautaketa bat eta ondoren kopiatu/moztu/itsatsi aukerak? Bada horrelakoetan Ctrl+A, Ctrl+C, Ctrl+X eta Ctrl+V, hurrenez hurren, erabiltzea aholkatzen dizuet. Ohitura pixka bat hartzen duzuenean ikusiko duzue horrekin bakarrik zenbat denbora irabaziko duzuen. Dena den, ekarpen txiki honen helburua ez da Ubuntun agertzen diren lasterbide guztien zerrenda bat egitea. Oraingoan Firefoxen oinarrituko gara bakarrik, konkretuki, fitxen kudeaketa errazteko hainbat lasterbide aurkeztu nahi dizkizuegu eskuinean agertzen den koadroan. Horietako batzuen erabilera dagoeneko iksu dezakezue duela aste batzuk grabatu genuen bideotutorial honetan. Beste batzuk, aldiz, berriak dira. Erabiltzea gomendatzen dizuegu, konturatuko zarete nabigatzailean egindako orduak emankorragoak izango direla.Ni bezala, ohitura baldin badaukazu fitxa asko irekita edukitzeko (kontuz horrelakoetan RAM memoriarekin) eta modu eraginkorragoan kudeatzea nahi baduzu hementxe dituzu, aurrekoarekin batera, beste hainbat aholku, gehigarri eta trikimailu. Baliagarriak izango zaizkizulakoan.