DEB paketeak instalatu

Aplikazio jakin bat instalatzerakoan, hau Ubuntuko software biltegietan aurkitzen ez bada, beti izango dugu aukera instalazio paketeak gure ekipora jaitsi eta bertan zuzenean instalatzeko.

Ordenagailura jaitsiz instala daitezkeen fitxategi ezberdin artean deb luzapena duten paketeak izan daitezke sinpleenak instalatzeko. Windows sistemarekiko alderatuz, esan dezakegu deb paketeak Windows-eko exe fitxategien antzekoak direla. Hori esanda, erraz uler daiteke, fitxategi hauen bitarteko instalazio prozesua oso gauza sinplea izaten dela.

Oraingoan kontzeptu mapak egiteko XMind aplikazioa deskargatu eta instalatuko dugu.

Behin deb fitxategia gure ekipoan dugula bere gainean klik bikoitza egingo dugu, Windows-en exe fitxategiekin egiten dugun modura. Segituan irekiko zaigu GDebi izeneko pakete-instalatzailea. Bertan, instalatzera goazen aplikazioaren deskribapena eta xehetasun guztiak adieraziko zaizkigu. Gure kasuan, GDebi-k instalatzera goazen aplikazioak menpeko fitxategirik ez dituela behar adierazten digu. Beraz, arazorik gabe ekin diezaiokegu instalazioari. Dena den, gerta daiteke menpekotasunak behar izatea aplikazioa instalatzerakoan. Kasu honetan Gdbei pakete-instalatzaileak beharrezkoak diren fitxategien zerrenda zein den adieraziko digu. Hauek Synaptic bitartez, adibidez, instalatu ahal izango ditugu.

Instalazioari hasiera emateko “Paketea instalatu” botoia sakatuko dugu. Denbora tarte labur baten ondoren aplikazioa gure ekipoan instalatuta izango dugu, “Aplikazioak” menuan, “Bulegoa” izeneko atalean.

Adibide honen bitartez garbi geratzen da Ubuntun aplikazioak instalatzea ez dela beste munduko ezer, Windows-en gertatzen den antzera burutzen den prozesu bat dela. Kasu honetan gainera, oraindik sinpleagoa, izan ere, ekipoa berrabiarazi beharrik ez baitaukagu.

Fitxategiak jaisteko

MOV formatua: 1280x720

OGV formatua: 1280x720