Softwareak copyrighta behar al du?

Kultura objektu bihurtu zenetik dator copyrighta

Gaur egun naturaltasunez onartzen dugu, abesti disko bat, aplikazio informatiko bat edota bideojoko bat erosten dugunean ordaindu behar izatea produktu horrengatik. Gizartean nahiko barneratuta dago gainera, produktu horren jabetza intelektuala duen egileari, egindako lanaren truke bere egile eskubideak errespetatu behar zaizkiola eta, beste edozein patrimoniorekin gertatzen den bezala, ekoizpen horren truke diru bat ordaindu behar zaiola.

Baina sorkuntza kulturalen gainean egile eskubideek ezartzen dituzten murrizketak ez dira betidanik existitu. Antzinan, egileek sortzen zituzten lanak gizarte osoan modu librean banatu eta asimilatzen ziren. Sortzaileen ekoizpenak domeinu publikokoak izaten ziren eta askatasun osoa zegoen lan hori banatu edo berrerabiltzeko. Iparragirreren abestiak, adibidez, ahoz-aho transmititzen ziren, edonork kanta zitzakeen abesti horiek nahi zuen lekuan, partiturak eskuratu eta banatzea zilegia zen. Denboran gertuago, gauza bera gertatzen zen bertsolarien lanekin; duela hamarkada gutxi batzurarte bertsolarien lanak domeinu publikokoak ziren, egile eskubide eta copyrightik gabekoak. Autoreen baimenik gabe erabil zitezkeen euren bertsoak aldizkarietan, adibidez. Edonork kanta zitzakeen Txirritaren bertsoak edozein jaialdi edo festetan (pentsa noraino aldatu diren gauzak gaur egun). Artista hauen ospea eta arrakasta zuzeneko emanaldietan irabazten zen zerbait zen.Egile eskubideak eta copyrighta teknologiaren garapenari lotuta etorri dira. Izan ere, teknologiari esker, zuzenean, modu presentzialean eta ahoz-ahoko transmisio zuzen baten bitartez soilik transmititzen ziren  espresio artistiko gehienak, euskarri fisiko batean gorde ahal izan dira. Sorkuntza kultural hauen erreplikazio eta zabalkunde masiboa posible izan denean, produktua sortu eta saldu behar zutenen (gehienetan zerikusirik ez zeukatenak artistarekin) interesak babesteko sortu ziren. Egile eskubidearen beharra justifikatzeko argudio asko eman badira ere (kreatibitatea babestu, kalitatea bermatu...), ikuspegi merkantilista hutsetik bultzatutako "eskubidea" da. Horrela, kultura "objektu" bihurtu zenetik, gizarte osoaren ondarea zena, industriaren hatzaparretan ondo helduta geratu den produktu pribatu bat izatera pasatu da.

Gauza bera gertatu da softwarearekin

Software askeak izandako bilakaera antzekoa izan da. Desberdintasun bakarra zera da; domeinu publikoko ekoizpen bat izatetik, copyrighta duen produktua izateko prozesua azken 50 urteko epe laburrean gertatu dela. 1960 eta 1970. hamarkadetan softwarea ez zegoen etekin ekonomikoa ateratzera bideratuta. Sasoi hartako konputagailu handien saltzaileek bezeroei ematen zieten gehigarri bat zen, tramankulu haiek erabili ahal izateko. Giro hartan, softwarearen programatzaileak eta garatzaileak beraien artean libreki programak elkartrukatzea arrunta zen. 1971a inguruan, informatikak bere boom famatua izan aurretik, honen erabiltzaileek, unibertsitate eta enpresetan, softwarea sortu eta elkartrukatzen zuten inongo mugarik gabe. Baina 1980ko hamarkadan egoera aldatzen hasi zen. Konputagailu garatuenak sistema operatibo pribatuak erabiltzen hasi ziren, eta honek eragin zuen erabiltzaileek ezin izatea softwarean aldakuntzak egitea eta ondorioz baldintza murritzaile batzuk onartu behar izan zituzten. Ordutik honako istorioa nola joan den, ziur aski, denek jakingo duzue. (Iturria: Wikipedia)Copyrightak sorkuntzen kalitatea bermatzen duela gezurra da

Badago iritzi korronte bat hainbat erakundeen aldetik copyrightaren beharra aldarrikatzen dutenak. Euren jarrera justifikatzeko sortzaileari zor zaion babesa aipatzen da askotan; kreatibotasuna mantentzeko, sortze lanak eskatzen duen esfortzu eta dedikazioak konpentsazio bat izateko, ekoizpenaren kalitatea bermatzeko... Antzeko argudioak erabiltzen dira, baita ere, software ekoizpenen copyrighta justifikatzeko.Arrazoi horiek guztiak hankaz gora jartzeko modu asko daude. Izan ere, badira beste sortze-esparru batzuk, beste industri sektore batzuk, non horrelakorik existitzen ez diren eta egileekiko errekonozimendua ez zapaltzeaz gain, negozio eredu arrakastatsuak direla egiazta daiteke. Euskal-Herrian duen pisu espezikoarengatik bereziki aipagarria iruditzen zait sukaldaritza munduaren adibidea. Softwaregintzaren munduarekiko paralelismo ugari dituela iruditzen zait.

Bitxia da.

Eta guzti hau gertatu da COPYRIGHT, EGILE ESKUBIDE eta PATENTE beharrik izan gabe!